Ondarrutar bat atxilotu dute, «terrorismoa» goraipatzeagatik
Guardia Zibilaik herenegun iluntzean atxilotu zuen Ainhoa Zarraga. Atxiloketak iaz hasitako Armiarma operazioaren soka berean kokatu dituzteEspainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1. Epaitegiak aginduta, herenegun Ainhoa Zarraga ondarrutarra atxil...
Guardia Zibilaik herenegun iluntzean atxilotu zuen Ainhoa Zarraga. Atxiloketak iaz hasitako Armiarma operazioaren soka berean kokatu dituzte
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1. Epaitegiak aginduta, herenegun Ainhoa Zarraga ondarrutarra atxilotu zuen Guardia Zibilak. Hainbat informazio iturriren arabera, iluntzean atxilotu zuten, «sarean terrorismoa goratzea» leporatuta.Atxilotu ostean, Bilboko La Salveko kuartelera eraman zuten. Deklarazioa hartu zioten, eta ordu gutxira, aske utzi zuten Zarraga.
Akusazio beragaz, hemeretzi pertsona atxilotu zituzten guztira, horietako hamabi Euskal Herrian.
Espainiako Barne Ministeritzak nabarmendu duenez, iaz egindako Armiarma operazioaren soka berean kokatu dituzte atxiloketak; Armiarma deritzon hirugarren operazioan, hain zuzen ere.
Espainiako Barne Ministerioak jakitera eman duenez, atxilotu guztiei «sare sozialetan terrorismoa goratu eta biktimak umiliatzea» leporatzen diete. Besteak beste, ETA, GRAPO eta Terra LLiure taldeen aldeko mezuak zabaltzea egozten diete. «Guardia zibilen edota ertzainen hilketak goratzea», alkateen kontra atentatuak egiteko «desioa» edota «terrorismoaren biktimei iseka egitea» leporatzen diete.
Hala ere, Ane Ituño abokatuak Euskadi Irratian herenegun egindako adierazpenetan salatu zuenez, ez zekiten atxilotuei zer delitu zehatz egozten dizkieten; «akusazio generikoen berri besterik ez daukagu», nabarmendu zuen.
Beste ondarrutar bat
Iaz egindako bi operazioetan beste 56 pertsona atxilotu zituzten: lehen polizia operazioan, hamabost euskal herritar atxilotu zituzten; bigarrengoan, 11. 2014ko azaroaren 6an egin zen Armiarma operazioaren bigarren fasean, esaterako, beste ondarrutar bat atxilotu zuten.
Apirileko eta azaroko atxilotuak atxiloketa egunean bertan utzi zituzten aske. Sare sozialetan «ETAren terrorismoa goratzea» egotzita atxilotu zituzten, Eloy Velasco epailearen agindupean. Halaber, GRAPOren eta jihadisten aldeko mezuak zabaltzeagatik auzipetu zituztela ere erantsi zuten.