«Konpromiso errealak» hartzeko ordua dela uste du Bermeoko EAJk
Enplegu aukerak emango dituen eta bizi kalitatea eskainiko duen herria gura dute jeltzaleek. Rementeria ahaldungaiaren arabera, domekan, «eraikitzea ala haustea» bozkatuko daAzken lau urteetako «gatazka politikoa eta gelditasuna» albo batera utzita...
Enplegu aukerak emango dituen eta bizi kalitatea eskainiko duen herria gura dute jeltzaleek. Rementeria ahaldungaiaren arabera, domekan, «eraikitzea ala haustea» bozkatuko da
Azken lau urteetako «gatazka politikoa eta gelditasuna» albo batera utzita, «konpromiso errealak» hartzeko ordua dela esan zuen EAJren alkategai Aritz Abaroak herenegun Artza frontoian egindako agerraldian. Bermeotarrarekin batera izan ziren Unai Rementeria ahaldungaia eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietarako presidenterako hautagaia.Azken lau urteetatik ateratako ondorioak «borrokak, sumina eta liskarrak» direla aipatu zuen Abaroak: «Dirurik ez dagoela aitzakia hartuta, herriarentzat ez da ezer egin». Gogora ekarri zuen Abaroak agintaldia hasi zenean Bilduk «aireratu zuen udalaren hondamendi ekonomikoa»: «Orain, baina, hauteskundeak hurbil zeudenean zorrak ordainduta daudela esaten agertu dira, defizita jaitsi dela diote, likidazioa positiboa dela, kaleargiak margotzen hasi dira, barandak jarri dituzte… Rajoy eta Espainiako Gobernua etortzen zait burura. Horiek ere sartu ziren esaten PSOEk hondamendi egoeran utzi zuela Espainiako Gobernua».
Abaroaren esanetan, EAJk Bermeo modernoa, garbia eta baikorra gura du; enplegu aukerak emango dituena eta nazioarte mailan ondo kokatua; bizi kalitatea eskainiko duen herria gura dugu… Hori guztia errespetuan eta zintzotasunean oinarrituta eraikiko dugu».
Irisgarritasuna bermatu
Turismoa «garatu barik» dagoela eta, turismoa landuko du EAJk. Gazteak eta horien talentuak argitara ateratzea ere beharrezkotzat jotzen dute. Bestalde, jarduera ekonomiko berriak bilatu behar direla uste dute EAJkoek, herrian zein eskualdean. Lehentasuna, baina, herritarren bizi kalitatea bermatzea dela esan zuen Abaroak. Hala, irisgarritasuna ez duten herriko auzoak edo kaleak kontuan edukiko dituzte. Kirolaren aldeko apustua ere egingo du EAJk, eta kirol plan bat sortzeko daukaten asmoa ere iragarri zuen, besteren artean.
«Eraikitzen jarraitu»
Unai Rementeria ahaldungaiak, bestalde, EAJ Bizkaiaren alde lan egiteko dagoela esan zuen Bermeoko ekitaldian, «erasorik barik eta trikimailu barik». EAJk lurraldea eraikitzen jarraitzeko konpromisoa eskaintzen duela adierazi zuen. Domekako erronka, hortaz, orain arte egin den modura, «Bizkaia eraikitzeko bideari jarraipena ematea» ala «orain arte eraiki dutena hautsiko duten horiei bidea zabaltzea» dela nabarmendu zuen: «Domekan eraikitzea ala haustea bozkatuko da».
Ana Otaduik, berriz, EAJren jokamoldea «egitea eta egitea» dela esan zuen: «Egintzak eta baloreak bai, hitz hutsak eta irainak ez».