Herritarren eskariei erantzuteko prest dago EAJ
Herriko talde, elkarte, auzotar, autonomo eta herritarrekin ia bi urtez batzen ibili ondoren, jasotako ekarpenekin programa bat eratu eta aurrera eramateko asmoa dauka Markina-Xemeingo EAJk. Herritarren eskariei erantzuna emateko era askotako proiektua...
Etxebarrira joateko saihesbideari hasiera bat eman nahi diote, inbertsio plan bat garatu eta egunero herria zeharkatzen duten ibilgailu kopuru handia herrigunetik ateratzeko.
EAJren beste egitasmo garrantzitsuetako bat Beheko Mojen konbentua eta eliza eskuratu eta kultur azpiegitura bihurtzea da. «Herri biblioteka txiki geratu da, eta Beheko Mojen eliza gune aproposa litzateke horretarako», adierazi dute. Espazio horretan musika eskola bat ere joan ahalko litzatekeela aurreikusten dute.
Herritarren ongizateari dagokionez, San Roke Egoitza handitu eta eguneko zentroari espazio gehiago eskaini nahi diote. «Gero eta gehiago erabiltzen da zerbitzu hori, eta hobetu beharra dagoela ikusi dugu». Tutelatutako etxeen zerbitzua ere aztertu dute, euren etxean geratu al diren, baina laguntza txiki bat behar duten nagusiei lagundu ahal izateko.
Ongizateari lotuta bai eta ere, tratu txarren protokolo bat eratu nahi dute, bai eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonentzako harrera etxe bat sortu ere. Bide beretik, etorkinen elkarteekin ere egon dira, eta euren integrazioa errazteko bideak ezarriko dituzte.
Jardun ekonomikoari ere bultzada eman nahi dio EAJk. Gazteen etorkizuna bermatzeko eta gazteek herrian lan egiteko aukera izan dezaten, enpresa teknologikoak lekua izan behar dutela diote. Horretarako, industria garapen bateratu bat egon behar dela azaldu dute, Lea-Artibai mailakoa. Auzoetako premiei erantzuna ematea eta iraunkortasuna ere izango dira EAJren hautagaien ardurak.
Hautagai bat ezik, lantalde berria da EAJk aurkeztu duena. Herritik sortutako lantaldea dela azpimarratu dute, kalekoa. Ideia berriak eta ilusio berria eman nahi izan diote proiektu berriari, eta arlo ezberdinetan esperientzia daukaten herritarrek bat egin dute bertan.
Andoni Malaxetxebarria alkategaiaren alboan lanean ariko dira, Koldo Malaxetxebarria, Ainara Gandiaga, Alex Aretxabaleta, Sorkunde Maguregi, Ramon Larreategi, Angel Kareaga, Bego Goikoetxea, Maria Elisa Onaindia, Maria Begoña Zelaia, Javier Alberdi, Maria Pilar Garitaonaindia, Jose Ansola eta Ainhoa Amutxastegi.