EHEko kide Pernan Basterretxea, udaletxean
60 herritarrek egindako eskaerak aurkeztu ditu gaur Gernika-Lumoko udaletxean. Hala ere, kanpaina ez da amaitu, eta datozen asteetan ere eskariak batzeari ekingo diote Euskal Herrian Euskarazekoek (EHE). Talde euskaltzaleak azaldu duenez, gernikarrek eurek egindako eskaerak dira, ez EHEk, “eta hori garrantzitsua da”.
Era berean, hauteskundeen atarietan, EH Bildurekin eta EAJrekin batzartu dira EHEko kideak. Hain zuzen, Gernika-Lumo Uema (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) barruan egoteak hizkuntza normalkuntzan pausoak emateari lagunduko liokeela dio EHEk.
Alderdi batek zein besteak aukera hori hausnartu eta aztertu beharrekoa dela erantzun dute. Dena den, hauteskundeen ostean ere udal arduradunekin biltzeko asmoa agertu du EHEk.
Udala eta biok euskaraz izeneko dokumentua sinatzeko deia egin die EHEk herritarrei. Seber Altube ikastolan, AEKn, Udal euskaltegian, Astran eta HITZAn sinatu daitezke.