Uruguaikoa Busturialdean ere ezagun
Busturialdean bisitan da Uruguaiko presidente ohi Jose Mujica. Azken egunotan, gainera, eskualdeko hainbat herri bisitatu ditu: Bermeo, Muxika edota Gernika-Lumo, esate baterako.Urrunetik etorri arren, hurbileko dute herritarrek Jose Mujica. Uruguaiko ...
Busturialdean bisitan da Uruguaiko presidente ohi Jose Mujica. Azken egunotan, gainera, eskualdeko hainbat herri bisitatu ditu: Bermeo, Muxika edota Gernika-Lumo, esate baterako.
Urrunetik etorri arren, hurbileko dute herritarrek Jose Mujica. Uruguaiko presidente ohia Busturialdean da, eta hainbat herritako jarduera kulturaletan murgildu da egunotan. Astelehenean, esaterako, Gernika-Lumon harrera egin zioten Mujicari eta haren emazte Lucia Topolanskyri. Euzko Abertzaleak taldeko Alberto Azuetak lagunduta heldu ziren udaletxera, eta EH Bilduren hautagai Begoña Landa eta Jon Argintxona zituzten zain kanpoan, agurtzeko.Jose Mari Gorroñok udaletxe barruan harrera egin, eta herriko oroigarri bat eman zien. Astelehena izanda, baina, merkatu plaza erakustea ezinbestekoa zen. Han, erosketetan zebiltzan hainbat herritarren ikusmina piztu zuten, eta hainbat izan ziren bikotearengana eta, espreski, Mujicarengana agurtzera hurbildu zirenak. Jatorriz nekazaria, Busturialdeko baserritarren produktuak ikusteko parada izan zuen, EAJ eta Euzko Abertzaleak koalizioaren hautagaiak lagunduta.
Bisita lasaia
Zapatuan, aldiz, Bermeoko Arrain azokan ere izan zen Mujika. Eta Muxikan, Garriko Egunaren harira egin zuten bazkarian parte hartzeko parada ere izan zuen bikoteak.
Orain bi urte ere izan zen Mujica Muxikan, baina bisita instituzionalean. Orain, berriz, bisita lasaiagoa egin gura izan dutela esan dute Uruguaiko presidente ohiak eta bere emazteak.