San Kristobal auzoko argiteria berrituko du Foruko Udalak
Lan horiekin udalak herriko auzo eta landa inguruen kaleargien berritze planari jarraipena ematen dio. Horien bitartez, herrian eraginkortasun energetikoa lortu gura dute, igortzen den CO2-a eta argi-kutsadura murriztu eta herritarrei zerbitzuak eta segurtasuna bermatu.
Foruko alkate Jane Eyre Urkietak azaldutakoaren arabera, “guretzako proiektu garrantzitsua da, hondatuta duden instalazioak berrituko ditugulako eta seguruak ez diren gune ilunak argiztatuko ditugulako”. Izan ere, alkateak dioenez, auzoetako bizi-kalitateak erdigunearena bezalako garrantzia du gobernu taldearentzat. Burutuko dituzten lanen eraginez, “eraginkortasun energetikoa irabaziko dute eta herritarren segurtasuna eta ongizatea ere bermatuko dituzte”.
San Kristobal auzoko argiteriaren berritze lanak maiatzaren 13ko kontratazio mahaian esleitu zituzten eta laster hasiko dira. Jakinarazi dutenez, bi hilabetetan amaitzea aurreikusi dute.
Instalazio guztia berrituko dela azaldu dute udaletik: “farola zaharrak aldatuko dira eta argitasun hobea ematen duten beste batzuk jarriko dira”. Gainera, orain arte kaleargirik ez zuten zenbait gunetan ere farolak jarriko dituztela azaldu dute. Guztira, 48 kaleargi jarriko dituzte.
91.501 euroko inbertsioa egitea aurreikusten da. Lan horiek egiteko, baina, udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Tokiko Agenda 21 programaren baitako diru laguntza izango du.
Proiektu honek Atxondoa auzoko kaleko argien egokitzapenaren proiektuari jarraipena ematen dio. Foruko alkateak jakinarazi duenez, Urberuaga auzoan ere kaleargiak berritzea aurreikusten dute, “inguruaren berritze proiektua gauzatuko dela”, gaineratuta.