Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) egitasmoa “denon artean egina” dela esan du Aritz Abaroa alkategaiak, “herritarrekin, enpresekin, erakundeekin…”. Azken lau urteetako “gatazka politikoa eta gelditasuna” albo batera utzita, “konpromiso errealak” hartzeko ordua dela esan zuen atzo Artza frontoian egindako agerraldian. Bermeotarrarekin batera izan ziren Unai Rementeria ahaldungaia eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietarako presidenterako hautagaia.
Aritz Abaroa EAJren alkategaia
Azken lau urteetatik ateratako ondorioak “borrokak, sumina eta liskarrak” direla aipatu du Abaroak: “dirurik ez dagoela aitzakia hartuta herriarentzako ez da ezer egin, hori da kaleko jendeak helarazi didana”. Gogora ekarri du Abaroak agintaldia hasi zenean Bilduk “aireratu zuen udalaren hondamendi ekonomikoa”, herrian “ezer ez egiteko aitzakia borobila” izan dela gaineratuta. “Orain, baina, hauteskundeak hurbil zeudenean zorrak ordainduta daudela esaten agertu dira, defizita jaitsi dela diote, likidazioa positiboa dela, kaleargiak margotzen hasi dira, barandak jarri dituzte…Rajoy eta Espainiako Gobernua etortzen zait burura. Horiek ere sartu ziren esaten PSOEk hondamendi egoeran utzi zuela Espainiako Gobernua”.
EAJren talde “berrituak”, berriz, “ilusioz betetako” proiektu “indartsua eta errealista” dakar. Bermeon etorkizunera begira diseinatutako proiektuak falta direla uste du Abaroak: “Bermeo modernoa, garbia eta baikorra gura dugu; enplegu aukerak emango dituena eta nazioarte mailan ondo kokatua; bizi kalitatea eskainiko duen herria gura dugu… Hori guztia errespetuan eta zintzotasunean oinarrituta eraikiko dugu”.
Bermeo Hegaluzearen hiriburu bihurtzeko proiektua, “urte eta erdian kaxa baten sartuta egon dela” nabarmendu du EAJren alkategaiak, “hauteskunde kanpainara arte”. Proiektu hau EAJren ustez, Bermeoren etorkizunerako “garrantzitsua” da eta hori posible bihurtzeko horiek egin duten lana aipatu du Abaroak: “proiektu horrek aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoa lortu dugu. Guk egin dugu beste batzuek kaxan gordeta eduki duten bitartean”.
Saihesbidea eta herriaren arteko lotura ere aipatu du Abaroak: “azkenean, asko kostata, urte eta erdiko atzerapenagaz, joan den astean, hauteskunde kanpainaren baitan Aldundiak egindako proposamena onartu da aho batez osoko bilkuran. Bilduk bere politikaren frakasoa onart behar izan du eta atzera pausoa eman behar izan du. Txarrena da joko politikoa egiteagatik bermeotarrek urte eta erdi galdu dutela”.
Turismoa garatu barik dagoela eta, turismoa landuko du EAJk. Gazteak eta horien talentuak argitara ateratzea ere beharrezkotzat jotzen dute, “herriaren etorkizuna dira eta aukerak eman behar zaizkie”. Bestalde, jarduera ekonomiko berriak bilatu behar direla uste dute EAJkoek, herrian zein eskualdean.
Lehentasuna, baina, herritarren bizi kalitatea bermatzea dela esan du Abaroak. Irisgarritasuna ez duten herriko auzoak edo kaleak kontuan izango dituzte. Kirolaren aldeko apustua ere egingo du EAJk, eta kirol plan bat sortzeko duten asmoa iragarri du, besteren artean.
Unai Rementeria atzo Bermeon
Bozkatzeko deia egin du Rementeriak
Unai Rementeria ahaldungaiak EAJ Bizkaiaren alde lan egiteko dagoela esan zuen atzo Bermeon: “erasorik barik eta trikimailu barik”. EAJk lurraldea eraikitzen jarraitzeko konpromisoa eskaintzen duela adierazi zuen. Domekako erronka, hortaz, “orain arte egin den modura Bizkaia eraikitzeko bideari jarraipena ematea, ala orain arte eraiki duguna hautsiko duten horiei bidea zabaltzea” dela esan zuen: “domekan eraikitzea ala haustea bozkatuko da”.
Rementeriak bozkatzeko deia egin du, “etxean geratu eta bota ematen ez bada ezusteko txarra izan dezakegu. Partida hau oraindik ez dugu irabazi”.
Ana Otaduik, berriz, EAJren jokamoldea “egitea eta egitea” dela esan zuen: “egintzak eta baloreak bai, hitz hutsak eta irainak ez”.
Ana Otadui