EH Bilduren hautagaiak, Elkartegia eraiki behar duten orubearen ondoan
Ibarrako industriagunea eskualde mailakoa izan beharko litzatekeela esan du gaur goizean Gernika-Lumoko EH Bilduren alkategai Begoña Landak. Jose Ramon Bilbaok, Jon Argintxonak eta Unai Ziarretak lagunduta, eskualdea “larrialdi egoeratik” atera behar dela esan du Landak, industriagunean bertan. “Merkataritza, turismoa, kultura, nekazaritza eta arrantza, eta industria kontuan hartuko dituen, eta, horien arteko oreka errespetatuko duen planteamendu osoa garatzeko konpromisoa hartzen dugu”. EH Bilduren hautagaiak esan duenez, Gernikako industriagunea de beraien lehentasuna. “Badakigu ez dela erraza izango, baina premiazkoa da ekonomikoki berpiztea, enplegua sortzea sektore guzti-guztietan”.
Ibarrak dituen 42 hektareatarako birgaitze plan bat eskatu zutela ere gogoratu du Landak: “Industria lur irisgarria eta hurbilekoa eta arrazoizko prezio batean eskaini ahal izateko, baina ezezko borobila jaso genuen”. Hala ere, hurrengo agintaldian udaletxetik birgaitze plan hori egiteko daudela esan du Landak. “Gure ustez, Ibarra poligono hau eskualdeko poligonoa izan beharko litzateke, askoz arinagoa eta errazagoa delako egokitzea, lur industriala eskura izateko. Busturialdean jartzeko interesa duten enpresei eskaini ahal izateko, edo handitzeko asmoa duten enpresei eskaintzeko”.
Lanbide Heziketako zentroa
Beste alde batetik, Lanbide Heziketako Goi Mailako Zentroa ere aipatu du Gernika-Lumoko alkategaiak: “Proiektu hori orain 8 urte baino gehiago onartu zuten legebiltzarrean, talde politiko guztien adostasunarekin. Ematen du plan horren alde gaudela eskualdeko alderdi denak, eta, batez be, Germikako alderdi politikoak. Baina EAJ da agintean Jaurlaritzan, eta, horrekin ados badago, ez dugu ulertzen zergatik ez dituzten lanak hasi”. Udalak, bere aldetik, egin beharreko lanak eginak dituela esan du Landak: lurrak garbiztearena. “Nahi dutenean etorri eta lanean has daitezke; eta hori izango da, guk alkatetza lortuz gero, eskatuko dugun lehenetakoa”.
Trena lur azpitik joateko eskaera “historikoa” ere egin du gaur EH Bilduk, berriro. Eta industriagunearen irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa hartu du, gune arriskutsuak ezabatuz: “Esaterako, Astrako aparkalekua Alhondegiarekin batuko duen pasarela bat egingo dugu”.