Herriko lokal hutsen zerrenda egiten ari dira inbentario bat osatu ahal izateko
Ekintzaileei bidea erraztea da Lekeitioko Udala eta Lea Artibai Garapen Agentzia elkarlanean aurrera eramaten dabiltzan egitasmoaren helburuaLekeition lan egin nahi duten ekintzaileei bidea errazte aldera, herriko lokal hutsen zerrenda egiten hasi dira...
Ekintzaileei bidea erraztea da Lekeitioko Udala eta Lea Artibai Garapen Agentzia elkarlanean aurrera eramaten dabiltzan egitasmoaren helburua
Lekeition lan egin nahi duten ekintzaileei bidea errazte aldera, herriko lokal hutsen zerrenda egiten hasi dira Lekeitioko Udala eta Lea Artibai Garapen Agentzia. Helburua lokalen beharrezko informazioa jasota izango duen inbentario bat egitea dela azaldu du udalak; hala nola, lokalaren tamaina eta jabearen kontaktua.Azken bost urteetan Lekeitioko Udala eta Lea Artibai Garapen Agentziak lagunduta, 43 enpresa berri jarri dira martxan Lekeition, eta 54 lanpostu sortu dira. Aurten, aldiz, 11 jarduera ekonomiko eman dira altan, eta beste zortzi proposamen lantzen dabiltzala jakitera eman dute.
Udalak ikusi duenez, Lekeition jarduera ekonomiko bat martxan jarri nahi duten pertsonek dauden lokalei buruzko informazio falta handia dute eskura, eta horrek atzera botatzen ditu asko. «Ekintzaile horiei bidea errazte aldera, dagoeneko aktibitate ekonomikoa eduki eta gaur egun itxita dauden 93 lokal zerrendatu ditugu», azaldu du udalak. Orain, lokal itxi horien jabeekin harremanetan jartzen hasi dira, proiektuaren berri eman eta euren lokalen informazioa jasotzeko. Behin zerrenda eginda, interesatuek udalera jo ahal izango dute informazio eske. «Proiektu horregaz, herriko jarduera ekonomikoa bultzatu nahi dugu, alde batetik, Lekeition lan eta bizi egin nahi dutenak babestuz, eta, bestetik, kaleen bizitasun komertziala berreskuratzeko pausuak emanez», azaldu dute.
Postuak, merkatu plazan
Herrian zehar dauden lokalez gain, merkatu plazan ere, zazpi salmenta postu libre daude ekintzaileentzat. Beheko solairuan, hilean 44,90eurotik 89,92eurora ordaindu beharko da postua jartzearren; betiere, postuaren tamainaren arabera. Ekoizleek, aldiz, goiko pisuan, egunean 0,95 euro ordaindu beharko dute mahai erdia hartzeagatik, edota hilean 5,70 euro.
Informazio gehiago jasotzeko, udaleko Garapen Ekonomikoko Sailera jo beharko da.