Datuak on line trukatzeko hitzarmena sinatu dute Jaurlaritzak eta udalak
Herritarrek errazago egin ahalko dituzte izapideak eta administrazio prozedurak. Erakundeek, berriz, kostuetan eta espazioan aurreztuko dutela azaldu duteEusko Jaurlaritzak eta Bermeoko Udalak informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbi...
Herritarrek errazago egin ahalko dituzte izapideak eta administrazio prozedurak. Erakundeek, berriz, kostuetan eta espazioan aurreztuko dutela azaldu dute
Eusko Jaurlaritzak eta Bermeoko Udalak informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri eskaintzea ahalbidetuko duen lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hala, aurrerantzean, udalak informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak on line partekatuko ditu Jaurlaritzarekin.Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, sistema horren bitartez, paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez, datu igorpen elektronikoak erabiliko dituzte, «partekatzen den informazioaren benekotasun, osotasun, isilekotasun, eskuragarritasun eta kontserbazio baldintzak bermatuta». Modu horretan, «sendoagoa» izango da Eusko Jaurlaritzaren eta Bermeoko Udalaren arteko lankidetza. Ondorioz, herritarrei datu-egiaztatzeak eskatu barik egin ahalko dira izapide administratiboak.
Sinatu duten lankidetza hitzarmena lau urterako dela zehaztu dute. Ondoren, urtez urte luzatu ahalko da modu automatikoan, gehienez ere, hamabost urtez.
Zenbait onura
Administrazioen arteko lankidetzari esker, herritarrei eskainitako zerbitzua «hobea» izango da Jaurlaritzaren arabera; izan ere, herritarrak erakunde batetik bestera ibiltzea saihestu gura da. Era berean, izapide administratiboak edota ziurtagiriak eskatzerakoan aurkeztu beharreko agiri kopurua ere murriztuko da.
Administrazioentzako onurak ere ekarriko ditu hitzarmenak; besteak beste, eraginkortasuna areagotuko du, kostuetan aurreztea ahalbidetuko du, lan karga arinduko du eta informazioaren kalitatea ere hobetuko du.
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenaren arabera, «beharrezkoa da admnistrazio elektronikoa azkar eta modu eraginkorrean garatzea, herritarren eta administrazio ezberdinen arteko harreman elektronikoak ahalbidetzeko».