Peio Manterolak irabazi du 33. Atxukale Saria
2 ordu, 14 minutu eta 10 segundoko denborarekin, Andoaingo Txirrindu Taldeko Peio Manterola nagusitu zen 33. Atxukale Sarian. Bigarren eta hirugarren, aldiz, Ampo taldeko Mikel Paredes eta Buruntzazpi Txirrindu Eskolako Iñigo Altuna izan ziren.Antolat...
Antolatzaileen esanetan, Andoaingo taldeko txirrindulariak «erraz» irabazi zuen Euskal Herriko junior mailako txirrindu saria. Irabazleak lasterketa oso ona egin zuen, eta sari nagusia irabazteaz gain, mendiko saria ere bereganatu zuen.
87. kilometroko etapa «zaila eta oso azkarra» izan zen, eta parte hartu zuten 67 txirrindularitik 29 bakarrik heldu ziren helmugara.
Emozioz betetako lasterketa izan zen, eta azken momentura arte halaxe izan zen. Astigarrabia kaleako azken 150 metroetan erabaki zen etapa, esprintean. «Azken buruz burukoa oso estua izan zen. Denbora berean zortzi txirrindulari sartu ziren, baina helmugan sartzen lehena Manterola izan zen», adierazi zuten antolatzaileek.
Eragin txikia
Proba bukatzen ari zela euria hasi bazuen ere, horrek arazo gutxi batzuk eragin zituen. «Gure beldurrik handiena Galbaixo jaitsieran erorikoak izatea zen, baina ez zen aparteko arazorik egon».
Lasterketako eroriko bakarra Debako biribilgunearen parean izan zen: bost bat txirrindulari erori egin ziren, eta bat min hartuta Mendaroko ospitalean artatu behar izan zuten.
Lasterketa amaituta, sari banaketa egin zen Goiko Plazan. Txirrindulariei sariak banatzeaz gain, aurtengo omenduek omenaldia xumea jaso zuten sari banaketa amaitu eta gero. Anizeto Uranga Atxukale Txirrindu Taldeko presidenteak eta Fermin Osinaldek pozik eta oso hunkituta jaso zituzten oroigarriak.
Azkenik, zozketa egin zuten. Mendiko bizikleta eta kaskoa lortuko dituen zenbaki irabazlea 3.674 zenbakia izan zen, eta ordezkoa, 4.749. Irabazleak zazpi eguneko epea izango du.