Orekan, bertoko enpresa eta lanpostuen alde agertu da Josu Unanue hautagaia
EAJren kudeaketa ereduari dagokionez, kaltegarria dela esan du Urizarrek, aldaketa eskatuz. Landa, berriz, berton lan egin, bizi eta erostearen alde egitera konprometitu daHerrialde mailako ekitaldiak aurpegi ezagun asko batu zituen barikuan, Merkatu p...
EAJren kudeaketa ereduari dagokionez, kaltegarria dela esan du Urizarrek, aldaketa eskatuz. Landa, berriz, berton lan egin, bizi eta erostearen alde egitera konprometitu da
Herrialde mailako ekitaldiak aurpegi ezagun asko batu zituen barikuan, Merkatu plazan. Eta oholtza gainak, Busturialdeko alkategaiak, Gernika-Lumoko hautagaiak, Pello Urizar legebiltzarkidea eta Bizkaiko ahaldun nagusigai Josu Unanue hartu zituen. Azken horrek azken urteetan Bizkaian egin den gestioa ekarri zuen gogora, «eta argi dugu aldundiarentzat gu ez garela lehentasuna. Badirudi gure hondartzak bakarrik ikusten dituztela, ez pertsonak. Orain diote pertsonen alde daudela. Gu ere pertsonen alde gaude, baina pertsonekin batera. Aldea badago».Egoera ekonomikoaz ere aritu zen bermeotarra, EAJk agindu dituen 10.000 lanpostuak aipatuz. «Agintean izan dira, eta ez dute egin. Loiuko aireportuan esan zuten handik ekarriko dituztela multinazionalak, baina egin dutena da handik bertatik gure gazteak kanpora bidali, hemen etorkizunik ez dutelako». EAJren politikari esker, azken urteetan industria desagertu egin dela esan zuen ahaldun nagusigaiak, eta produkzio industrialaren %30 desegin.
Baina alternatiba badagoela esan zuen. «Orekan, errotutako enpresak bultzatu bahi ditugu, eta bertan lanpostuak sortu».
Xahuketa oinarri
Estatu propioaren aldarrikapenagaz hasi zuen Pello Urizar legebiltzarkideak bere diskurtsoa. Era berean, pertsonen aldekoa ere egin zuen. Horren harira esan zuen zaila egiten zaiola EAJk hauteskunde garaian atera duen aurpegi soziala sinistea. «Ikusi besterik ez dago zer egin edo zer egin ez duten Madrildik murrizketak eta zapalkuntzak etorri direnean». EH Bildu neurri horiei aurre egiten saiatu arren, laguntzarik ez dutela izan salatu zuen Urizarrek. «Borondate kontua da, eta EAJk ez dauka borondaterik».
Eta EAJren kudeaketa eredua ere kritikatu zuen legebiltzarkideak: «Hiriko, Bidegi, Supersur… Ez dira kasu isolatuak, kultura politikoa da, gezurretan dabiltza egunero». Beraien kudea- keta xahuketan oinarritzen dela esan zuen Urizarrek, eta eredu hori kaltegarria dela.
Gizarte politikak
Busturialdeko herrietako alkategaiak ere jendartean aurkeztu zituzten barikuko ekitaldian. Eta eskualdeko hogei herrietan dibertsitatean eta desberdinen arteko batuketan oinarritutako zerrendak osotu dituztela esan zuen Gernika-Lumoko alkategai Begoña Landak. Hala, denak batzen dituzten ametsen ade egingo dute. «Lehenenik eta behin, Busturialdean lan egitea, bizitzea eta erostea». Eta hori lortzeko proiektua badutela esan zuen: benetako industriagunea.
Ametsen artean, gizarte justuago bat ere badute hautagaiek: «Sistema publikoa eta doakoa. Inoiz baino indar gehiago jarriko ditugu baztertuta edo pobrezian dauden herritarrei babesa emateko. Kultur eta jatorrien gainetik babestuko ditugu eskubide eta aukera berak pertsona denetzat». Eta zerbitzu publikoaren defentsan, ur partzuergoaren kudeaketa publikoaren alde egin zuen; baita Gernikak benetako ospitale bat izatearen alde ere. «Ospitale duin bat behar dugu, ez ospitale moduan saldutako anbulatoriorik».
Busturialdeko gazteen babesa ere izan zuen EH Bilduk barikuan. «Gure etorkizuna guk erabaki nahi dugu, eta EH Bildu da gazteon askatasuna bermatu dezakeen bakarra».