Maiatzaren 29ra arte eman daiteke izena Bermeoko goizeko udalekuetarako
Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak 5 eta 12 urte bitartean dituzten ume eta gaztetxoentzako goizeko udalekuak antolatu ditu. Horietan parte hartu gura dutenek zabalik dute jada izena emateko epea. Interesa duenak maiatzaren 29a baino lehen hurbildu beharko du GIZek Gizarte eta Kultura Etxean dituen bulegoetara.
Abuztuaren 3tik 14ra bitartean izango dira udalekuak goizeko ordutegian, hau da, 10:00etatik 14:00etara. Udalekuak hamar eguneko txanda bakarrean izango direla azaldu dute.
Jakinarazi dutenez, izena ematen duten umeek ez dute aspertzeko denborarik izango, hainbat baitira egingo dituzten jarduerak; hondartzara eta igerilekura joan, eskulanak, kirola, jolasak…
Goizeko udalekuetarako dauden plazak, baina, mugatuak dira; 40 lagunentzako lekua baino ez dago. Taldeak adinaren arabera banatuko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Bermeon, erroldatuta dauden umeek lehentasuna izango dute, eta eskainitako plazen kopurua betetzen ez bada, Bermeon uda igarotzen duten umeek ere aukera izango dute eta horien ostean inguruko herrietakoek.
Informazio gehiagorako 94-617 91 58 telefono zenbakira deitu beharko da.