Datuak on line trukatzeko hitzarmena sinatu dute jaurlaritzak eta Bermeoko Udalak
Hain zuzen ere, lankidetza hitzarmena sinatu dute, informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri eskaintzea ahalbidetuko duena. Hala, aurrerantzean udalak informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak online partekatuko ditu jaurlaritzarekin.
Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, sistema horren bitartez, paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez, datu igorpen elektronikoak erabiliko dira, «partekatzen den informazioaren benekotasun, osotasun, isilekotasun, eskuragarritasun eta kontserbazio baldintzak bermetuta». Modu horretan, «sendoagoa» izango da Eusko Jaurlaritzaren eta Bermeoko Udalaren arteko lankidetza. Ondorioz, herritarrei datu-egiaztatzeak eskatu barik egin ahalko dira izapide administratiboak.
Sinatu duten lankidetza hitzarmena lau urterako dela zehaztu dute. Ondoren, urtez urte luzatu ahalko da modu automatikoan, gehienez ere hamabost urtez.
Zenbait onura
Administrazioen arteko lankidetzari esker, herritarrei eskainitako zerbitzua «hobea» izango da jaurlaritzaren arabera; izan ere, herritarrak erakunde batetik bestera ibiltzea saihestu gura da. Era berean, izapide administratiboak edota ziurtagiriak eskatzerakoan aurkeztu beharreko agiri kopurua ere murriztuko da.
Administrazioentzako onurak ere badituela aipatu dute. Besteren artean, eraginkortasuna areagotzen du, kostuetan aurreztea ahalbidetzen du, lan karga arintzen da eta informazioaren kalitatea ere hobetzen da.
Eusko Jaurlaritzatik azaldu dutenaren arabera, «beharrezkoa da admnistrazio elektronikoa azkar eta modu eraginkorrean garatzea, herritarren eta administrazio ezberdinen arteko harreman elektronikoak ahalbidetzeko».