Bederatzigarren garaipena lortu du Lejarragak Jai Alain
Jendetza batu zen barikuan Jai Alai pilotalekuko boxeo jaialdian. 20:30ean hasita, boxeo olinpikoko bost borrokaldi eta profesionalen hiru egin zituzten.Iluntzeko bigarren borrokaldian Wesley de Jesus bermeotarrak Asier Martini irabazi zion.Boxealari p...
Iluntzeko bigarren borrokaldian Wesley de Jesus bermeotarrak Asier Martini irabazi zion.
Boxealari profesionalek 22:30ak inguruan ekin zieten lehiari. Lehenengoan, Denis Sukhanov nagusitu zen Diego Jair Ramirezen kontra. Gero, Jesus Sanchez eta Jon Fernandez igo ziren ring-era, eta Fernandezek irabazi zuen lehia.
Ondoren, Kerman Lejarraga morgatarra eta Marius Jacheanu errumaniarraren txanda izan zen. Ikusleak zutik ipini ziren, eta txalo zaparrada artean sartu zen kantxara Morgakoa. Hiru minutuko sei round-etako borrokaldia zen, baina errumaniarrak bi minutu soilik iraun zuen. KOz gainditu zuen Lejarragak, eta borrokaldia amaitzean berriro ere publikoa zutik jarri zen.
Morgako errebolberra pozik dago jaialdian jendetza batu zelako. «Giro oso ona egon zen, jende berria, gainera, eta hori ona da boxeoarentzat. Boxeoak gora egin behar du, eta eskertzekoa da hainbeste jende elkartzea».
Bi urte daramatza profesionaletan eta barikuko garaipenagaz, bederatzi borrokalditik bederatziak irabazi ditu, horietatik zazpi KOz. «Emaitza onak dira, baina orain nahi dudana da lesio gehiagorik ez izatea, eta borrokaldi gehiago egitea. Hori da nire ilusioa, irabazi edo galdu, baina borroka asko egitea».