Arrantza kultura lehorreratzen
Arrain Azoka elkarteak egindako behin-behineko balorazioaren arabera, asteburuan egin duen eguraldi txarrari aurre egin eta 21. Arrain Azokak helburuak bete ditu, beste behin ere.Kultura arrantzalearen erakusleiho aparta izan da asteburuan Bermeo. Egur...
Arrain Azoka elkarteak egindako behin-behineko balorazioaren arabera, asteburuan egin duen eguraldi txarrari aurre egin eta 21. Arrain Azokak helburuak bete ditu, beste behin ere.
Kultura arrantzalearen erakusleiho aparta izan da asteburuan Bermeo. Eguraldi txarrari aurre eginez, Arrain Azokak «helburuak bete» dituela azaldu du Arrain Azoka elkarteko lehendakari Idurre Bidegurenek: «Arrantza munduak utzitako ondarea zabaldu du, arrainaren kontsumoa eta kontserba industria bultzatu ditu, eta jai giro izugarria sortu du».Umeen artean arrainaren kontsumoa zabaltzea zuen helburu azokak. Arraina «gozoa eta osasuntsua» dela erakutsi gura izan diete umeei, eta horretarako, aurton, besteren artean, Familian sukaldaritza zuzenean ekimenean parte hartu ahal izan dute umeek. Mantala eta txapela soinean jarrita, brotxetak, sandwichak eta krepeak egin dituzte, osagai bera oinarri hartuta: arraina. Sukaldaritza tailer hori zein gune didaktikoan gaztetxoei zuzendutakoak «oso arrakastatsuak» izan direla azaldu dute.
Dalata.net-ek aurton lehenengoz jarri duen terraza erakusmahaiak izan duen «arrakasta» ere aipatu dute: «Bertan kontserbak dastatu ondoren, erakusmahai ezberdineratara bideratu diren salmentak asko izan dira. Bertan eskaini diren kontserba sortek ere harrera ona izan dute».
Salmentetan eraginik ez
Herriko kontserbak dira azokako protagonista nagusiak, eta erakusleek helburuak bete dituztela iragarri dute: «Barikuan jende gutxiago ibili bazen ere, erakusle gehienen salmentetan eguraldiak ez du inolako eraginik izan. Are gehiago, batzuek inoiz baino salmenta hobeagoak eduki dituztela esan dute».
Hegaluze Saria emateko ekitaldiagaz eman zioten hasiera barikuan Arrain Azokari. Bertan, Serrats enpresako kudeatzaile Ignacio Serratsek hartu zuen saria. Lehenengoz antolatu duten Arrain Azokako kartel lehiaketako irabazle Iñigo Bidetxeari ere ekitaldi horretan eman zioten saria.
Ondoren, ohi legez, ohorezko aurreskua dantzatu eta azokari hasiera ofiziala emateko zinta moztu zuen Bermeoko alkateak. Arrain Azoka «aitzindaria» izan zela gogorarazi zuen, apurka sendotzen joan dena, eta egun, kultura arrantzalearen «erakusleiho arrakastatsua» bihurtu dela esan zuen.
Arrainez egindako pintxo gozoenak ere saritu zituzten zapatuan. Eleizalde ikastolak antolatzen duen lehiaketako mokadurik gozoena Casco Viejo tabernak egin du, bigarrena Zubiganek eta hirugarrena Sarabandak. Herritarren saria, berriz, Zubiganerentzat izan da.
Parte hartzaileen hobekuntzarako proposamenak jasota, datorren urteko Arrain Azokaren antolakuntza prestatzen hasiko direla esan du Bidegurenek. Beste behin ere, erantzuna «bikaina» izan dela aipatu du.