
Argazkilaria: Italiako Giroa
Italiako Giroko zortzigarren etapa irabazi zuen zapatuan Beñat Intxausti Movistar Team-eko txirrindulariak. Hain zuzen ere, horixe zen bere helburua, gutxienez etapa garaipen bat lortzea Italian.
Hala, hasierako helburua beteta pozarren dago muxikarra. “Pozik nago, helmugara bakarrik heltzea, sentimendu polita izan zen. Gainera, eskuak gora altxatu, eta gozatzeko astia izan nuen. Etapa gogorra eta luzea izan zen, baina, gustura ibili nintzen”.
Fiuggi eta Campitello Matese artean 186 kilometroko ibilbidea egin zuten zapatuan, aurtengo mendiko lehenengo etapa izan zen, hain zuzen. Etapa garaipen horri esker, mendiko mailot urdina jantzi zuen egun batez Intxaustik. Hala, orain mendiko sailkapenean bigarren dago txirrindulari muxikarra, Simon Geschke-ren atzetik.
Sailkapen orokorrean, Alberto Contador da liderra, 38 minutu, 31 segundo eta 35 ehuneneko denboragaz. Fabio Arun da bigarrena, eta Richie Porte hirugarrena. Mikel Landa da sailkapeneko lehenengo euskalduna; laugarren dago, Contadorrengandik 46 segundora. Intxausti, 38.ena da sailkapen orokorrean.
“Etapa polita irabazi dut, mendiko lehenengoa, eta orain hurrengo helburua, ahal bada beste etaparen bat irabaztea da. Eta bigarren helburu moduan, berriro mailot urdina janztea”. Orain lasterketari geratzen zaizkion bi asteetan “lasaiago” eta “konfiantza gehiagogaz” ariko dela uste du.
Gaur atseden eguna dute Italiako Giroan, eta bihar hamargarren etapa egingo dute. Civitanova Marche eta Forli artean 195 kilometro egingo dituzte txirrindulariek.

Argazkilaria: Italiako Giroa