
Lejarraga eta Jacheanu
Zesta-puntaren katedralean zortzi borrokaldi lehiatu zituzten boxealariek bariku gauean.
20:30ean hasi zuten erakustaldia. Lehenengo boxeo olinpikoko bost borrokaldi egin zituzten, borrokaldi bakoitza hiru minutuko hiru txandatan, eta gero profesionalen hiru borrokaldi egon ziren.
Hain zuzen, iluntzeko bigarren borrokaldian Wesley de Jesus bermeotarrak Asier Martini irabazi zion.
Boxeo profesionaleko norgehiagokak 22:30ak aldera hasi ziren. Lehenengoan, Denis Sukhanov errumaniarra nagusitu zen Diego Jair Ramirezen kontra. Ostean, Jesus Sanchez eta Jon Fernandez igo ziren ring-era. Bientzat profesionaletako bigarren borrokaldia zen, eta biek gura zuten bigarren garaipena, baina, Fernandezek irabazi zuen lehia.
Ostean, ikusmin handiena sortu zuen borrokaldiaren txanda izan zen. Kerman Lejarraga morgatarra eta Marius Jacheanu errumaniarraren artekoa, hain zuzen ere. Ikusleak zutik ipini ziren orduan; txalo zaparrada artean, eta Son Goku marrazki bizidunetako abestiagaz sartu zen kantxara Morgakoa. Borrokaldia hasi aurretik, “ilusio askogaz eta gogotsu” zegoen.
Hiru minutuko sei
round –etako borrokaldia zen, baina, errumaniarrak 120 segundo baino ez zituen iraun. K.O.-z gainditu zuen Lejarragak. Borrokaldia amaitzean berriro ere publikoa zutik jarri zen. Lejarragak, hunkituta, eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei.
Morgako boxealaria pozik dago jaialdian jendetza batu zelako eta giro ona egon zelako. “Giro oso ona egon zen, jende berria gainera, eta hori ona da boxeoarentzat. Boxeoak gora egin behar du hemen, eta eskertzekoa da hainbeste jende elkartzea”. Gainera, etxetik hurbil eta etxekoen aurrean borrokatzeak “motibazio berezia” ematen diola esan du, eta boxeoa Gernika-Lumon egotea albiste pozgarria dela: “Pozik nago, eta boxeoa Gernika-Lumon egotea notizi ona da”.
Hala, barikuko garaipenagaz, bederatzi borrokalditik bederatziak irabazi ditu
Morgako errebolberrak, horietatik zazpi K.O.-z. Bi urte bete ditu profesionaletan, eta lesioen ondorioz borrokaldi gehiago egin izanagatik pena du. “Emaitza onak izan dira, baina, orain nahi dudana da lesio gehiagorik ez izatea, eta borrokaldi gehiago egitea. Hori da nire ilusioa, irabazi edo galdu, baina, borroka asko egitea”.