Udalak kontuz ibiltzeko eskatu du, txakur bat pozoituta hil ostean
Ondarroako Udalak alarma gorria piztu du. Izan ere, azken egunotan txakur bat hil da, itxura guztien arabera, pozoituta. «Txakur jabe batek bere animalia pozoituta hil dela adierazi digu, hori dio, behintzat, albaitariak sinatutako orriak».Inguruko h...
Inguruko hainbat herrietan ere antzerako kasuak ezagutu direla kontuan hartuta, horren guztiaren aurrean, herritarrak, eta batez ere txakurrak dituztenak, egoegaz jabetzea nahi du Ondarroako Udalak. «Denei ere kontuz ibiltzeko eskatu nahi diegu», gaineratu dute.
Udal ordezkarien esanetan, gaia «kezkagarria» bihurtzen ari da. «Animalientzat ez eze, herritarrentzat ere arriskutsua izan daiteke pozoia. Auskalo non dagoen eta».
Egia esan, hildako txakurrak pozoia non jan zuen ez daki oraindik haren jabeak. Bien bitartean, udalak egoera aztertzen eta ikertzen jarraitzen du.
Hala ere, herritarrak lasaitze aldera, pozoia eurak erabiltzen dutena ez dela nabarmendu dute. «Guk dakigunez, udal langileek arratoiak edo antzerako izurriteekin akabatzeko pozoia erabiltzen dutenean ezkutuko tokietan botatzen dute, eta ez animalien eta pertsonen bistara. Pozoia, esaterako, estoldetan bota ohi da».
Herritarren laguntza
Era berean, neurriak lehenbailehen hartzea «beharrezkoa» dela nabarmendu dute, eta horretarako, herritarren laguntza eskatu dute. «Norbaitek kalean zer edo zer arraroa ikusi edo sumatzen baldin badu, gu ohartaraztea da onena».
Horretarako, udaletxera (94-683 36 72 ) edo udaltzaingoetara (94-683 36 73) deitzea edo hurreratzea onena dela azpimarratu dute. «Abisua jaso bezain azkar, hori garbitzen ahaleginduko gara».
Bien bitartean, txakurren jabeei euren animaliak lotuta eramateko gomendioa egin die udalak. «Txakurrak non dabiltzan eta kalean zer jaten duten kontrolatzea gomendatzen dugu, badaezpada. Txakurrari zer edo zer arraroa sumatuz gero, mesedez joan albaitariarengana».