Udala aldatuko duen jantzi berria josi gura du EH Bilduk Mundakan
Politika egiteko aukera «berriak» zabaldu gura ditu Mundakako EH Bilduk, eta horretarako, udala «goitik behera» aldatuko duen «jantzi berria josi» nahi dute.Andoni Longarte Arzanegi da koalizioaren alkategaia, eta udal programa zehatza osatu du l...
Andoni Longarte Arzanegi da koalizioaren alkategaia, eta udal programa zehatza osatu du lantaldeak.
EH Bilduk Mundakako herritarren garaia dela aldarrikatzen du, eta horretarako «behetik gora» eraiki gura du Mundaka «berria». Helburu hori lortzeko bidean, besteak beste, hurrengo ildoak zehaztu dituzte udal hauteskundeetarako hautagaiek: «Guztiontzako aukera berdintasuna, herritarren parte hartzea, zerbitzu publikoak berreskuratzea eta gardentasun politikoa».
Hala, egitasmo zehatzak proposatzen ditu Mundakako EH Bilduk. Azaldu duenez, udal batzordearen berrantolaketa egingo du, lan arloko batzordea sortuko du, eta hirigintza plana eta etxebizitzen polika berrikusiko ditu, besteak beste.
Udalaren lokal guztiak mundakar guztien eskura ipini gura ditu, eta jai batzorde herrikoia osatu. Halaber, euskara bultzatzeko jarduerak sustatzea da koalizioaren asmoa. Kirol arloari dagokionez, kirol batzordea eta kirol gune berriak sortuko ditu, eta herritarrentzat kirola doakoa izatea gura du.
Gazteentzako espazio autogestionatuak aldarrikatzen ditu. Nagusientzat lokala sortu, eta umeentzat leku aproposak egokituko ditu. Beste alde batetik, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko protokoloa onartuko du.
Horiez gain, ondorengo proposamenak ere bildu ditu udal programan: euri urak bideratzeko azpiegitura sortzea, aparkatzeko arazoari aurre egitea, zaborren birziklapenaren plana egitea eta bertako nekazaritza bultzatzeko toki egokia ipintzea.