Etzi jokatuko da junior mailako 33. Atxulake txirrindulari saria
Lasterketan 80 txirrindulari baino gehiagoren parte hartzea espero dute. 87 kilometroko ibilbideak mendiko sarirako puntuagarriak izango diren bi puntu izango ditu Galbaixo gaineanEtzi Euskal Herriko Txirrindu Saria jokatuko da Mutrikun. Igorritako dat...
Lasterketan 80 txirrindulari baino gehiagoren parte hartzea espero dute. 87 kilometroko ibilbideak mendiko sarirako puntuagarriak izango diren bi puntu izango ditu Galbaixo gainean
Etzi Euskal Herriko Txirrindu Saria jokatuko da Mutrikun. Igorritako datuen arabera, 80 txirrindularik baino gehiagok parte hartuko dute 33. Atxukale sarian. Mutrikuko Udalak antolatutako eta Atxukale Txirrindulari Taldeak lagundutako lasterketan, Gipuzkoa osotik etorritako txirrindularien parte hartzea espero dute.Aurten, berritasun modura, «arazo ezberdinengatik» lasterketa eguna aurreratzea erabaki dute. Hortaz, domekan jokatu ordez, zapatuan izango da.
Bukaeran, omenaldia
Lasterketa 16:00etan hasiko da, eta helmugara heldu bitartean, eskualdeko errepideetan zehar 87 kilometroko ibilbidea bete beharko dute txirrindulari gazteek.
Ibilbideari dagokionez, iazkoaren antzerakoa izango da. Mutrikutik hasi, eta Deba alderantz hasiko da ibilbidea. Handik Soraluze alderantz joango dira; tartean, Mendarotik, Altzolatik eta Elgoibartik igaro beharko dutelarik. Behin Soraluzera helduta, Mutrikuranzko bueltan hasiko dira txirrindulariak.
Lasterketaren azken kilometroetan Deba eta Mutriku artean bina buelta emango dituzte. Helmugara heldu bitartean, Galbaixo gainetik bi aldiz pasako dira, eta azkarrenek mendiko sarirako puntuak lortuko dituzte.
Antolatzaileen arabera, lehen sailkatuak 18:10ak aldera sartuko dira Astigarrabia kalean jarritako helmugan.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, hainbat bide mozketa egingo dira, eta inguru horietatik igaro beharko duten gidariei «pazientzia» eskatzen zaie.
Behin lasterketa amaituta, sari banaketa egingo da Goiko Plazan. Era berean, aurtengo omenduei omenaldi xumea eskainiko diete sari banaketa amaitu eta gero. Atxukale Txirrindu Taldearekin lotura estua duten Anizeto Urangak eta Fermin Osinaldek publikoaren esker ona jasotzeko aukera izango dute.