Egoitzaren egoera deitoragarria dela salatu dute suhiltzaileek
Suhiltzaileen etxea lekuz aldatzeko exijitu diote Bizkaiko Foru Aldundiari. Gaur egungo parkea ez dago emakumezko suhiltzailerik hartzeko egokitutaGernika-Lumoko suhiltzaileen egoitzaren egoera txarra eta deitoragarria dela salatu du LAB sindikatuak. L...
Suhiltzaileen etxea lekuz aldatzeko exijitu diote Bizkaiko Foru Aldundiari. Gaur egungo parkea ez dago emakumezko suhiltzailerik hartzeko egokituta
Gernika-Lumoko suhiltzaileen egoitzaren egoera txarra eta deitoragarria dela salatu du LAB sindikatuak. Langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan daudela kritikatu du, eta eskubideak murriztuta dituztela. Hori dela eta, protesta egin dute parke horretako suhiltzaileek, aste honetan.1970. urtean eraiki zuten suhiltzaileen parkea, eta hango langile Jabi Gorostizak azaldu duenez, hainbat dira gaur egun dituzten arazoak: «Egongelako sabaia erortzen ari da, eta eskoratuta dago. Gainera, ura berotzeko galdara sarri apurtzen da, eta ur berorik barik eta berogailurik barik eman ditugu neguko egun asko».
Era berean, instalazioak eurak ere mugatuta daudela azaldu du. Horrek hainbat eragozpen sortzen ditu, eta suhiltzaileen eskubideak murriztu. Diotenez , ez dute beste parke batzuetan dituzten aukera berak: kirola egiteko, maniobrak parkean bertan egiteko… Gaur egun, Losal enpresak utzitako solairu batera joan behar izaten dute derrigorrezkoak dituzten maniobrak egiteko.
Emakumentzako ez
Eta, azken finean, baztertzailea ere bada Gernika-Lumoko suhiltzaileen parkea; izan ere, ez dago emakumezkoak hartzeko egokituta. «Haientzako aldagelarik ez komunik ez dago. Beraz, emakumezkoak diren suhiltzaileek ezinezkoa dute Gernika-Lumoko parkea aukeratzea lantoki modura».
Maniobra ilegalak
Baina Gernika-Lumoko suhiltzaileen parkearen espazio murritzak bestelako eragozpenak ere sortzen ditu. Besteak beste, maniobrak egiteko lekurik ez dutela salatu dute Gernika-Lumoko suhiltzaileek, eta kamioien doitze lanak egiteko espazio publikoa hartu behar izaten dutela. «Doitze lan horiek kiroldegiaren eta institutuaren ate aurrean egin behar izaten ditugu».
Gune hori jende asko ibiltzen den tokia itxia da, eta handik atera behar dira kamioiak irteeraren bat dutenean. Baita sartu ere, eta kamioiak parkera sartzeko, gainera, maniobra guztiz ilegala eta arriskutsua egin behar izaten dutela azaldu dute suhiltzaileek: «Hamar metro atzeraka egin behar izaten ditugu kamioiak parkean aparkatzeko, horrek dakarren arriskuagaz».
Arratoiak
Era berean, beraien osasuna arriskuan dagoela ohartarazi dute Gernika-Lumoko suhiltzaileek: «Kamioiak guk bizimodua egiten dugun toki berean ditugu. Beraz, horiek martxan jartzean botatzen dituzten keak arnasten ditugu. Halaber, irteeraren batean substantzia toxikoekin lan egin behar badugu, parkera buelta eta kutsatuta dauden jaka horiek gu gauden gune berean gordetzen ditugu», azaldu du Gorostizak. Osasun arazoei dagokienez, gainera, suhiltzaileen egoitza barruan arratoiak dituztela ere salatu du.
Hala, azken hamahiru urteetan egin duten legez, Gernika-Lumoko suhiltzaileen etxea eraikitzeko leku egokiren bat bilatzeko exijitu diote Bizkaiko Foru Aldundiari. Hainbat kokaleku proposatu dituzte dagoeneko, Gernika-Lumon, Muruetan eta Foruan, kasurako. Hala ere, suhiltzaileen parkea lekuz aldatzeko dirurik ez dagoela erantzun die aldundiak.