Eraldaketarako aukera bakarra EH Bildu dela dio Andoni Seijo alkategaiak
Azken agintaldira arte udala zorpetuta eta herritarrei itxita egon dela esan du Seijok kanpaina hasierako mitinean; EH Bildu, berriz, kontrako norabidean doala dioMomentu honetan udalean daudenei eskerrak emanez hasi zuen hauteskunde kanpaina hasierako...
Azken agintaldira arte udala zorpetuta eta herritarrei itxita egon dela esan du Seijok kanpaina hasierako mitinean; EH Bildu, berriz, kontrako norabidean doala dio
Momentu honetan udalean daudenei eskerrak emanez hasi zuen hauteskunde kanpaina hasierako agerraldia Andoni Seijo Arrinda Lekeitioko EH Bilduren alkategaiak.Aurreko zortzi urteetan milaka euskaldunek ezin izan zutela hautagai izan gogora ekarri zuen, eta talde horrek bere bizi proiektua albo batera itxi eta udal ardura euren gain hartu zuela azpimarratu. «Kultura politiko ezberdinetako jendea elkartu eta beharra batera egitea lortu dute, eta elkarlan hori luzerako izango da».
Seijok esan duenez, «duda barik, 2011 urteak ikaragarrizko garrantzia dauka, Euskal Herri osoan benetako eraldaketa sozial politiko sakona eman zelako». Aldaketa hori, baina, ez da alderdi batek beste bat ordezkatzea. Eraldaketa askoz sakonagoa dela iritzi dio. «Eta EH Bildu da horretarako aukera bakarra».
Azken agintaldi aurreko zortzi urteetan, parte hartzeari zer eskaintzen zitzaion ere gogora ekarri du EH Bilduren hautagaiak. «Batzordeak eta osoko bilkurak goizez egiten ziren, eta udaletxeak bunker itxura zeukan». Alderantziz, azkenengo agintaldian, osoko bilkurak eta batzordeak arratsaldez egin direla eta parte hartze batzorde bat ere sortu dela aipatu du.
Udalak zor handia zuela ere gogorarazi du, 5 milioi eurokoa; azken agintaldian, zorra murriztu eta «benetan herritarrek behar zituzten egitasmoak» gauzatu dituztela azaldu du, «handikeriazko proiektuak» albo batera utzita.
«Lekeition asko egin da azken agintaldian, baina beste bide batetik, eredu inposatzaileen kontrako bidetik», azpimarratu du Seijok. Herritarren benetako premiak ganoraz aztertu eta aurrera eraman direla esan du, eta hori izango dela aurrerantzean ere jarraituko duten bidea.
Lekeitiorako aurkeztu den lan taldeagaz gain, ekitaldian egon zen bai eta ere Joseba Gezuraga Batzar Nagusietarako hautagaia. Azken hamarkadetan, Bizkaia elite batzuen interesen arabera eraiki dela azaldu zuen. «EH Bilduk argi dauka ez dela nahikoa esatea erabaki politikoak herritarrentzat hartu behar direla; ez, herritarrekin hartu behar dira. Guk herritarrok hartu behar ditugu erabaki horiek. Bakoitzak eta guztiok. Erabakitzeko eskubidea daukagu, eta guztia erabaki nahi dugu, ahal den guztia hobetzeko. Eta, horretarako, bagoaz Bizkaitik ere Euskal Bidea egitera».