Bermeo hegaluzearen hiriburu bihurtzeko lan egingo du EH Bilduk
«Gardentasuna» eta «zintzotasuna» dira, Josu Unanue ahaldun nagusirako hautagaiaren arabera, EH Bilduren ikurrak. Bermeon erakutsi duen marka eroango du Foru AldundiraLameran, hainbat herritarren aurrean egin zuen kanpainako lehenengo agerraldia Be...
«Gardentasuna» eta «zintzotasuna» dira, Josu Unanue ahaldun nagusirako hautagaiaren arabera, EH Bilduren ikurrak. Bermeon erakutsi duen marka eroango du Foru Aldundira
Lameran, hainbat herritarren aurrean egin zuen kanpainako lehenengo agerraldia Bermeoko alkatetzarako EH Bilduren hautagai Idurre Bidegurenek. Hurrengo lau urteetara begira duten apustu «argienetakoa» Bermeo soziekonomikoki indartzea dela esan du Bidegurenek. Horren baitan, Bermeo hegaluzearen hiriburu bihurtzeko proiektu estrategikoa bultzatu gura du EH Bilduk, «herriaren garapenerako oso garrantzitsua dela uste delako»; batetik, arrantza sektore guztia indartu eta herritar guztien parte hartzea bilatzen duelako proiektuak, eta bestetik, lanpostuak sortuko dituelako.EH Bilduren apustua «identitate ikurrak» indartzea izango da eta arrantza mundua da horien ustez oinarria, «sozialki, ekonomikoki eta kulturalki ere eragin handia izan duelako». Hegaluzearen hiriburu bihurtzeko proiektuaz gain, Lurbizi proiektua aipatu du Bidegurenek. Proiektu hori martxan dago, eta zortzi lanpostu sortu ditu.
Fracking-ari ez
Bestalde, aurrera begira, Alde Zaharra izango da beste apustu «garrantzitsuenetariko» bat. Alde Zaharrean dauden lokal hutsen azterketa bat egiten hasiak direla azaldu du, eta libre dauden orubeetarako ideien lehiaketa bat deitu gura dutela gaineratu du. Oinezkoentzako Alde Zahar «errespetagarri» baten alde ere egingo dute.
Bermeo paraje ezin hobean dagoela eta, «ingurumena hondatuko duten ekimenen aurrean tinko mantendu eta horien aurka agertuko dira». Ildo horretan, fracking-a aipatu du egungo alkateak, eta teknika horren aurkako jarrera agertu du, «debekatu» egin beharko litzatekeela azalduta.
Herriko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko beharra dagoela ere esan du, bizi kalitatea hobetu aldera. Hurrengo lau urteetara begira, Zarragoitxiko irisgarritasuna hobetzeko irtenbideak bilatuko dituzte, eta horretan «buru-belarri jarriko dira».
Besteren artean, euskararen erabileraz ere mintzatu da Bideguren, eta askok Bermeo euskararen arnasgunetzat jotzen dutela dio. Horrela jarraitzeko, orain arte egin modura, «ahalegin berezia» egingo dutela zehaztu du.
Proiektu horiek guztiak aurrera egin ahal izateko, baina, kudeaketa berritzaileagoaren beharra dagoela nabarmendu du, eta orain arte egin modura, talde lana bultzatzen jarraituko dutela esan du.
Aldundia zorpetuta
Egungo Bermeoko alkateagaz batera egon ziren Josu Unanue Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaia eta Pello Urizar eta Maribi Ugarteburu legebiltzarkideak. Azken lau urteetan Bermeon alkateorde izan den Unanueren arabera, EH Bilduk Bermeon erakutsi duen marka Bizkaiko Batzar Nagusietara eta aldundira eramango du. «Gardentasuna» eta «zintzotasuna» dira EH Bilduren ikurrak, Unanuerentzat horiek baitira «herrigintzaren derrigorrezko oinarriak».
EAJk Bizkaian egindako kudeaketaren inguruan, «herritarren interesen kontrakoa» izan dela dio. Foru Aldundiak 2.200 milioi euroko zorra daukala azaldu du: «35 urterako hipoteka utzi dute, onura sozial gabeko azpiegitura handien zuloak tapatzeko, BEC edo Supersur, esate baterako».
Parte hartzea eta burujabetasuna bultzatuko dute, eta ez dute iruzur fiskalik onartuko. Bestalde, «gehien duenak gehiago ordainduko duela» esan du.