125 urte betetzen ditu aurton Serrats kontserba enpresak
Epaimahaiaren arabera, sari horren bitartez “Serrats enpresaren lana eta ibilbidea aitortu gura da, hau baita Arrain Azokaren helburuetariko bat, Bermeoko kontserba industriaren ahaleginak aitortzea eta goraipatzea”. Horrez gain, Arrain Azokako elkarteko kideek osatzen duten epaimahaiak Serrats enpresak Bermeoren alde egindako apustua ere baloratu du.
Kontserba enpresa honek 1980an sortu zuen lehen fabrika portutik 100 metrora. Egun, Landabaso industriagunean daude. Enpresaren buru Serrats familiako 5. belaunaldia dago.
Era berean, epaimahaiak Bermeok urteetan kalitate bikaineko produktuak egiten dituzten kontserba enpresak dituela gogorarazi gura izan du, eta aurten, Serrats-ek 125 urte betetzen dituela eta, XIX. Hegaluze Sariarekin “bere ibilbidea eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna” aitortu gura izan dio. Serrats-ek izan duen “esportazio grinaren” ondorioz, gainera, Bermeoko produktuak leku askotan zabaldu ditu. Hala, Bermeoko herriaren izena zabaldu du “kalitatezko produktuekin”.
Hegaluze Sariak ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen du, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. Itsuki Irratiak antolatzen du Hegaluze Saria Arrain Azoka Elkartearen babesarekin.
Barikuan jasoko dute Serrats enpresako ordezkariek Hegaluze Saria, 12:30ean, Nestor Basterretxea aretoan egingo den ekitaldian.