Gazte bat odola ematen
Datu orokorrak kontuan hartuta, odol emateek behera egin dute 2014. urtean. Hala ere, odol emaile berrien kopuruak gora egin du Busturialdean. Gernika-Lumoko Artekaleko datuei erreparatuz gero, 1.126 odol emate izan ziren iaz. Eta emaile bakoitzak, batezbeste, 1,88 aldiz eman zuen odola. Guztira 597 izan ziren Foru Plazan jartzen duten autobusean odola eman zuten herritarrak: 386 gizonezkoak eta 211 andrazkoak. Horietatik 52, gainera, odol emaile berriak zirela zehaztu du Odolkideak elkarteak.
Datuak onak diren arren, elkartekideek kezka agertu dute, azken urteetan odol emateen kopurua %20 murriztu delako (2009-2014 urteen artean). Hori dela eta, altruismoa zabaldu beharra ikusten dute, maila onari eusteko eta osasun beharrizanak betetzeko. “Orain. 1.126 odol emoterekin, beheko mugan gaude. 2013an baino 66 odol emote gutxiago izan ziren 2014an”, azaldu dute.
Gernika inguruko fabriketan ere badago odola ematerik. Hala, Maier, Losal, Guernica cubiertos y menaje eta Rhointer enpresak kontuan hartuta, guztira 149 lagunek eman dute odola 2014an.
Busturialdean, oro har, aurreko urteetan baino odol gutxiago batu duten arren, zenbait herritan odol emoteen kopuruak gora egin duela azaldu du Odolkideak elkarteak: Buturian, Kortezubin eta Muruetan, kasurako.