Elordik eta Erostarbek irabazi dute Ajangizko esku pilota txapelketa
Domekan jokatu zituzten Ajangizko esku pilota txapelketaren finalak. Nagusietan Aitor Elordi bizkaitarra eta Xabier Erostarbe gipuzkoarra dira aurtengo txapeldunak. 22-19 nagusitu ziren Uriona eta Imazen kontra.Kimuen kategorian, Jaio eta Bernaola biko...
Kimuen kategorian, Jaio eta Bernaola bikoteak 18-16 irabazi zieten Laka eta Enbeitari. Bestalde, benjaminetan, Kareaga-Kareaga bikoteak 18-14 hartu zituen mendean Ekain eta Inhar.
Hirugarren urtea da txapelketa antolatzen dutena, eta aurreko bi domeketan lehiatu zituzten kanporaketak. Hala, domekan pilotalekua jendez bete zen finalak bertatik bertara ikusi eta sari banaketa ekitaldirako.
Hain zuzen, udaleko ordezkariekin eta txapelketaren antolatzaileekin batera, Aitor Irusta aurten profesionaletan debutatu duen munitibarrak banatu zituen sariak.
Garaikurrak eta txapelak jaso zituzten irabazleek. Oraingoan, aurreko urteetan ez bezala, pilotari gaztetxoenentzat ere txapelak egon ziren, eta pozik eta emozio itzelagaz jantzi zuten txikienek txapela.
Kantxako jarrera sarituz
Bestalde, berrikuntza moduan, txapelketan kantxan jarrera onena erakutsi duten pilotariak saritu zituzten kamiseta tekniko banagaz.
Hala, sari hori zeintzuei eman erabakitzeko pilotariek egindako lanagaz batera beste zenbait gauza izan zituzten kontuan: beste partaideekiko jarrera, ikusleekiko errespetua, gizatasuna… baloratu zituzten, besteak beste.
Hala ere, partaide denen jarrera «bikaina» izan dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Bestalde, babesleen laguntza eskertu zuten antolatzaileek, haien babesik barik horrelako txapelketa bat ezingo bailukete antolatu.