«Giroan etapa garaipen bat lortzea izango da lehendabiziko helburua»
Bihar hasi eta maiatzaren 31ra arte, Italiako Giroan taldeburu izango da Beñat Intxausti Movistar Team taldeko txirrindularia. Orain dela bi urteko balentria gogoan, orduko esperientzia errepikatzeko gogoz dago.Italiako Giroa lasterketa kuttuna da Be
Bihar hasi eta maiatzaren 31ra arte, Italiako Giroan taldeburu izango da Beñat Intxausti Movistar Team taldeko txirrindularia. Orain dela bi urteko balentria gogoan, orduko esperientzia errepikatzeko gogoz dago.
Italiako Giroa lasterketa kuttuna da Beñat Intxausti Elorriagarentzat (Muxika, 1986). Orain dela bi urte mailot arrosa jantzi zuen egun batez, txirrindulari batentzat ametsa dena errealitate bihurtuta. Aurten Movistar Team-eko taldeburuetako bat izango da Intxausti.Denboraldiko erronka nagusiena daukazu esku artean. Data hurbildu ahala, urduritasuna edota presioa igarri al duzu?
Presio askorik ez, baina joateko gogoa bai areagotzen da. Joateko gogoz nago; gogoko dudan lasterketa da, eta oroitzapen onak ditut.
Zelan prestatu zara Girorako? Normalean baino entrenamendu gogorragoak edo bereziagoak egin al dituzu?
Bai, entrenamendu bereziak egiten aritu naz. Batik bat, igoera luzeak eta gogorrak egiten ibili naiz, eta, horregaz batera, baita ordu askoko ibilbideak ere.
Horrelako lasterketa luzeetan, egun asko jarraian bizikletan ibiltzeko hankak ez ezik, burua ere ondo prestatuta egon beharko da, ezta?
Psikologikoki ondo prestatzea ere garrantzitsua da, bai. 21 egunez bizikletan ibiltzeko psikologikoki indartsu egon behar gara txirrindulariok. Zorionez, ez da lehenengo aldia, eta, beraz, abantaila apur bat badaukat alde horretatik.
Orain bi urte oso ondo aritu zinen, etapa bat irabazi eta beste bitan bigarren eta hirugarren amaitu zenuen. Egun batez mailot arrosa ere jantzi zenuen. Zelan gogoratzen duzu 2013ko esperientzia hura?
Esperientzia izugarria izan zen. Giroa beti izan da lasterketa berezia niretzat; lekua beragatik, zaletuengatik… Lehenengo aldia nuen Giroan, eta berezia izan zen. Etapa garaipena, mailot arrosa janztea, eta lehenengo hamarren artean amaitzea… Esperientzia ederra izan zen; ahaztezina. Feeling ona daukat Italiagaz.
Oraingo honetan, taldeburuetako bat izango zara. Zein izango da zure helburua?
Ea duela bi urtekoa errepikatzerik dudan. Horrela bada, ni gustura geratuko naiz. Hala, etapa garaipen bat lortzea da lehendabiziko helburua.
Zeintzuk ikusten dituzu Giroa irabazteko faborito?
Faborito nagusi moduan hiruzpalau aipatuko nituzke: Alberto Contador, Richie Porte australiarra, Rigoberto Uran kolonbiarra eta Fabio Aru italiarra. Bestalde, beste txirrindulari on asko daude, eta horiek ere ezustekoren bat eman dezakete; Jurgen Van den Broeckek, Domenico Pozzovivo-k edota Leopold Konigek, besteak beste.
Euskal Herriko itzulian, Nairo Quintanari laguntzea zen zure eta gainontzeko taldekideen zeregina. Azkenean, Ion Izagirre sartu zen podiumean, eta Quintana laugarren geratu zen. Eta, azken etapan, erlojupekoan, bosgarren egin zenuen.
Bai, derberdina da norbera taldeburua izatea edo lankide bati laguntzeko lasterketa egitea. Gustura aritu nintzen Euskal Herriko itzulian. Bakarkako lanari dagokionez, Aia-Aia erlojupekoan lortutako postuagaz pozik geratu nintzen. Aste osoan sentsazio onekin egon nintzen, eta hori garrantzitsua izan da Girora begira.
Giroaren ostean, denboraldi erdia aurretik izango duzu oraindik. Udara begira, zein lasterketetan parte hartuko duzu?
Momentuz, ez dakit; Girotik bueltan ikusiko da zer tokatzen den. Girotik etortzean atseden apur bat hartuko dut lehenengo, eta ondoren erabakiko dugu udara begira zein lasterketetan parte hartu. Ikusiko da Frantziako Tourrera edo Espainiako Vueltara joaterik daukadan.
2011tik zaude Movistar Team taldean. Kontratua noiz arte daukazu?
Aurten amaitzen zait, baina, ziurrenik, berton jarraituko dut aurrerantzean ere. Etxean bezala sentitzen naiz hemen. Taldekideok, fisioterapeutek, teknikoek… guztiok familia bat osatzen dugu, eta oso pozik nago hemen.
2007. urtean egin zenuen salto profesionaletara. Orain arteko ibilbidearen nolako balorazioa egiten duzu?
Umetatik profesionala izan gura nuen, eta positiboki baloratzen dut. Urteak arin pasatzen dira, eta konturatu orduko ia bederatzi urte pasatu dira. Ea beste sei edo zazpi bat urtean hemen jarraitzerik dudan. Ibilbide profesionala hemen, Movistar Team taldean amaitu gura nuke.