20. urteurrenean, Txosna Batzordearen eguna ospatuko dute ekainaren 20an
Bi hamarkada beteko ditu aurten Gernika-Lumoko Txosna Batzordeak, eta herritarrekin ospatu gura dute. Bideoak eta argazkiak batu gura dituzteGernika-Lumon txosnen aldeko herri mugimendua sortu zeneko hogei urte beteko dira 2015. urte honetan. Hogei urt...
Bi hamarkada beteko ditu aurten Gernika-Lumoko Txosna Batzordeak, eta herritarrekin ospatu gura dute. Bideoak eta argazkiak batu gura dituzte
Gernika-Lumon txosnen aldeko herri mugimendua sortu zeneko hogei urte beteko dira 2015. urte honetan. Hogei urte beteko ditu Gernika-Lumoko Txosna Batzordeak, eta urteurren hori gernikarrekin ospatu gura dute. Horretarako, Txosna Batzordearen eguna antolatzen ari dira. Ekainaren 20an izango da, Astran. Egunaren xehetasunik ez dute eman oraingoz. Aurrerago emango dute egun horri buruzko informazio gehiago, baina egun hori agendan gordetzeko eskatu dute Txosna Batzordeko kideek.Diotenez, herritarrak eurak bilakatu gura dituzte protagonista ekainaren 20an. Horretarako, besteak beste, azken bi hamarkadetako irudiak batu gura dituzte: «Argazkiak, bideoak, istorioak eta pasadizoak batu gura ditugu», azaldu dute Gernika-Lumoko Txosna Batzordeko kideek. Txosna Batzordeak egin duen ibilbidearen momentuak eta bizipenak berpiztu nahi dituzte, «eta oroituz gozatu».
Harta, materiala biltzen hasiko dira, eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Argazkiak, bideoak edota txosnekin lotutako bizipenak gernikakotxosnabatzordea@gmail.com helbidean edota Astran bertan hartuko dituzte, eta batutako materialagaz datozen hilbeteetan «ezustekoak» izango direla aurreratu dute.
Denei eta bakoitzari esker
Eskaintza zabala eta kalitatekoa izan du helburu Txosna Batzordeak hogei urte horietan; «gure kultura izan da oinarria», esan dute. Batzordeko kideek azaldu dutenez, herriaren nahi eta ametsen alde lan egin dute egunero, eta bidean aurrera egitea jende askoren laguntzari esker dela argitu dute: «Txosna Batzordea osatzen dugun eragileetako kide bakoitzari, baina, batez ere, edalontzien bilduma egiten duenari, txosnak azken ixten dituenari, gustuko duen taldearen kontzertuan txanda egiten duenari, eta, oro har, txosnak maite dituzten guztiei esker». Azken finean, aurrera baldin badoaz herritarrei esker dela esan dute Gernika-Lumoko Txosna Batzordeko kideek.