Parte hartze prozesuan ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte
Foruko Udala Hiri-Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria diseinatzera doa. Hori egiteko, baina, lehenik eta behin, parte hartze prozesu bat abiarazi zuen udalak.Izan ere, HAPOaren diseinuan herritarren partaidetza «lehentasunezkoa» dela azaldu du ...
Izan ere, HAPOaren diseinuan herritarren partaidetza «lehentasunezkoa» dela azaldu du Foruko alkate Jane Eyre Urkietak. Parte hartze prozesu hori amaituta, amaierako txostena aurkeztuko die herritarrei gaur, 19:00etan, J.M. Torrealdai Kultur Etxean. Parte hartze prozesuaren diagnostikoa garatu duen teknikoek emango dituzte azalpenak, eta udaleko teknikoak eta ordezkariak ere egongo direla azaldu dute.
Herriko etorkizuneko antolamenduaren eredua ezartzeko herritarren «beharrizanak, zalantzak eta ikuspegia» kontuan hartzea izan du helburu udalak. Asmoa, alkatearen arabera, «foruarren beharrizanei erantzuna ematea eta prozesua gardentasunez eta adostasunez burutzea» da.
Hiru ondorio nagusi
Gaur aurkeztuko duten txostenak 2015eko otsailaren eta apirilaren artean egindako parte hartze prozesuaren diagnostikoan ateratako emaitzak eta ondorioak batzen ditu. Egindako analisien eta azterketen ekintzak, ondorioak eta HAPOaren idazketaren ondorengo faseetako ildoak azaltzen ditu, hain zuzen ere.
Orain arteko parte hartze prozesutik hiru ondorio nagusi atera dituzte. Batetik, Forua bere identitatea berreskuratzea bilatzen duen herria dela ondorioztatu dute: «Bere ingurune naturalak indarberritu behar ditu, eta topaketetarako espazio komunak hobetu». Argi geratu da, bestalde, foruarrentzat ingurune naturalak daukan garrantzia. Haien arabera, «harro sentitzeko arrazoia» da. Zentzu horretan, ingurune natural horren defentsa bilatzen saiatu behar direla uste dute, bi ikuspuntutik: paisaia fisiko eta kulturalaren babesa baloratuta eta ingurune naturala aktibo ekonomiko eta sozial gisa baloratuta. Hirugarrenez, partaidetzaren aldeko «gogoa» ikusi dela nabarmentzen du txostenak, eta informazio «jarraiaren eta eguneratuaren» beharra dagoela ikusten da.
Bestalde, Foruko Udalak jakinarazi dutenez, Plan Orokorraren idazketaren lizitaziorako baldintza-agirien idazketari begira aztertu beharreko elementuak ere azaltzen dira dokumentuan.