Nepaleko kaltetuei laguntzeko erakusketa, Antsotegi hotelean
Lurrikararen ondorioz egoera larrian geratu den familia bati laguntzea dute helburu. Maiatzaren 14an zabalduko da erakusketa, mendizaleen hainbat argazkigazElkartasun erakusketa bat antolatuko dute Etxebarriko Antsotegi hotelean Nepaleko kaltetuei lagu...
Lurrikararen ondorioz egoera larrian geratu den familia bati laguntzea dute helburu. Maiatzaren 14an zabalduko da erakusketa, mendizaleen hainbat argazkigaz
Elkartasun erakusketa bat antolatuko dute Etxebarriko Antsotegi hotelean Nepaleko kaltetuei laguntzeko. Antsotegi hoteleko familiak harreman estua dauka Nepalegaz. Izan ere, Emilio Hernandok Everestera egin zen lehenengo euskal espedizioan hartu zuen parte. Erakusketan biltzen dutena Nepalen izandako lurrikararen ondorioz egoera larrian geratu den familia bati babes zuzena ematera bideratuko da.Mendizale talde bat ari da erakusketa antolatzen. «Martin Zabaletari Everestera igotzen lagundu zion xerparen familia etxe barik geratu da, eta lagundu egin nahi diogu», azaldu du Antsotegi hoteleko Gontzal Hernandok.
Maiatzaren 14an zabalduko dute erakusketa, 19:30ean, eta ez da sarrerarik egongo; borondatea eman ahalko dute erakusketa ikustera doazenek. «Gure konpromisoa borondate hori bertako familia bati eramatea izango da», azpimarratu dute.
Premia handia
Lagunduko duten familiak bere etxea konpontzeagaz gain, behar duten beste batzuei laguntzeko erabiliko du dirua. Antsotegi hotelekoek jakin izan dutenez, momentura arte bidali diotenagaz, autoa bete eta laguntza banatzen ari dira kaltetuen artean. «Lurrikararen ondorioz, egoera larrian daude Nepaleko bizilagunak. Etxe barik, kale gorrian geratu dira, eta ez daukate ez jateko ez eta edateko ere», nabarmendu du Gontzal Hernandok. Beraz, erakusketa baten bidez laguntzea erabaki dute: «Guk emandako gutxi bategaz hango familia askok bizirik iraun ahal dutelako».
Erakusketa hilabete egongo da zabalik. Aste barruan 17:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai, eta asteburuetan 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.
Katmanduko hainbat argazki egongo dira ikusgai, bai 80ko hamarkadakoak bai eta gaur egunekoak ere. Mendizale ezagun eta ezezagunen argazkiak egongo direla aurreratu dute.