
Arratzu
Herritarrei zerbitzuak bermatzea, baliabideak optimizatzea eta enplegua, etxebizitzak zein ongizatea eskaintzea dute helburu onartu berri dituzten udal aurrekontuek. Inbertsien kapituluak aurrekontu osoaren %53 suposatzen duela eman dute jakitera udal arduradunek, eta, horren baitan jaso dute herrian ‘Landa Elkartegia’ sortzeko proiektua. “Herrian enplegu aukerak sortzearen alde egiten dugu; batez ere, gazteen artean. Hala, garapen ekonomiko iraunkorraren alde egiteko lan espazioak sortu gura ditugu, gaur egungo eta biharko Arratzuren beharrizanetara egokituta”, azaldu du herriko alkate Josu Olanok. Elkartegi hori landa eremuko garapen ekonomikoari zuzendutakoa izatea nahi du udalak, “nekazaritza sektoreko lehiakortasunari laguntzeko, nekazal elikagaien sektorea dinamizatzeko eta gazteak baliabide naturalen transformazioagaz lotutako jarduera ekonomikoetara erakartzeko”. Enpresa mintegi hori bideratzeko aurrekontua 279.000 eurokoa dela ere zehaztu du, eta Loiola auzoan egin nahi dute.
Bidegorri sarearen atontze lanak osotzeko, bestalde, 8.500 euroko partida gorde du udalak. Busturialdean erreferentea den azpiegitura dela esan du udalak, eta mugikortasuna hobetzeaz gain, bide segurtasuna handitu duela azpimarratu dute.