
Iaz denboraldi bikaina egin zuen Urdaibaik, tartean Kontxako bandera irabazi zuen
2010. urteko ligan Traineruen Kluben Elkarteko epaileak Bermeoko arraun klubari ezarri zion zigorra da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak behin behinean bertan behera utzi duena.
2010eko liga hartan Urdaibaik irabazitako puntu guztiak kendu, eta isun ekonomikoa ipini zioten. Zigorra momentuz bertan behera geratu arren, isuna mantendu egingo dute. Hala, dopinaren inguruko
Estrobo auzia argitu bitartean hartu du behin behineko erabakia EAEko Auzitegi Nagusiak.
Klubari duela aste batzuk jakinarazi zion haren abokatuak EAEko Auzitegi Nagusia erabaki hau hartzekotan zela. Lasai daude, eta epaiketetako prozesua amaitzean klubaren aldeko epaia izatea espero dute. Josu Zabalondo orduko presidenteak dioenez, “gu oso lasai gaude; ez dagoen lekutik ezingo dute ezer atera, ez dago nondik heldu”.
Abokatuak lasai egoteko esan zien hasieratik, eta orain ere epaia haien aldekoa izatearen esperantzarekin jarraitzen dute. “Guk ez genuen ezer egin, eta mutilek ere ez”, azpimarratu du Zabalondok. Eta horren erakusle arraunlariek azken urteetan erakutsitako maila ipini du. Bere ustez, urte hauetan taldearen maila “altuak”, eta lortutako emaitza onek argi utzi dute kontua. Izan ere, bai orain eta bai lehen dopin kontrolak garbi pasatu dituzte Urdaibaiko arraunlariek.
Arrazoia emango dietela argi dute, baina, auzia horrenbeste luzatzea hein batean euren kalterako dela uste dute. “Orain lasai gaude, baina, zoritxarrez asko luzatu da kontua; kaltea eginda dago, lo asko galdu dugu kontu honekin”.