
Konpromisoak eskatu zituzten gazteek irailean, Astran egindako ekitaldian
Segiko kide izatea leporatuta eta ostean absolbitu zituzten 40 gazteen lanaren segida egiteagatik Auzitegi Nazionalean epaitu berri dituzten 28 gazte horietatik zazpi zigortu egin ditu Angela Murillo epailea buru duen zigor salak. 28 gazteren aurkako epaiketa iazko irailaren 22an hasi zen. Epaiketaren amaieran, abenduaren 16an, fiskalak karguak erretiratu zizkien hamabiri. Hamasei gazte zeuden epaiaren zain. Segiko kide izatea egotzita, seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak haien aurka. Zazpi zigortu dituzte.
Epaia jakitera eman aurretik, zigortutako lau gazte atxilotu zituzten, atzo. Marina Sagastizabal, Xabat Moran, Ainhoa Villaverde eta Bergoi Madernaz. Epaiak Poliziari sinesgarritasuna eman, tratu txarrik izan zenik ez dela frogatu eta zigortuak «militante aktibo» direla frogatutzat jo du, zigor epaia emateko, orain arte tratu txarren inguruan auzitegiak ematen ari ziren epaiei iskin eginda.
Jone Amezaga Errigoitiko gaztea atxilotu aurretik Gernika-Lumo herri libre bihurtu zutela adierazi dute gaurko mobilizaziora deitu dituztenek, “eta Euskal Herri librea eraikitzea dagokigu orain”.
Tortura salaketei kasurik ez
110 orriko epaia kaleratu du, eta zazpi gazte horiek zigortzeko honako frogak xehatu ditu: inkomunikazioaldian poliziaren aurrean nork bere burua akusatzeko egindako deklarazioak edo beste bat akusatzeko egindako deklarazioak, eta miaketetan topatutako «materiala»: kamisetak, esku orriak, kartelak…
Epaiak jasotzen du auzipetuek salatu zutela poliziek bost eguneko inkomunikazioan jo egin zituztela, ostikoak eman zizkietela, hatzak sartu zizkietela ipurditik eta alutik,
poltsa egin zietela, mehatxatu egin zituztela beraiek eta beraien senideak… «auzipetuen arabera hori guztia poliziak egin zuen deklarazio autoinkulpatorioak edo beste batzuk akusatzeko deklarazioak lortzeko», dio epaiak. Baina horren «egiazkotasunaren frogak» falta direla gehitzen du. «Ez dago frogarik». Epaian agertzen da Istanbulgo protokoloari jarraituz, hamabi psikologok eman zituztela epaiketan azalpenak, eta zehaztu zutela Istanbulgo protokoloa egin zieten auzipetuek trauma osteko estres larria zeukatela eta zenbatetan depresio sakonak, besteak beste. Hori onartzen du epaiak. Baina kritikatzen du inkomunikazioaldian, atxilotuak zeudenean ikusi zituzten auzi medikuekin ez egon izana, eta ezta «ustez tortura egin zuten agenteekin» ere: «Esandako torturak ez dira inolaz ere egiaztatu».