Amets Txurrukak bigarren amaitu du Asturiasko itzulia
Amets Txurruka Etxebarriko txirrindulariak bigarren egin du Asturiasko (Espainia) itzulian. Hain zuzen ere, Igor Anton irabazlearengandik hamabi segundo eskasera geratu da sailkapen orokorrean.Hala ere, emaitzagaz «pozik» dago Txurruka. «Lasterketa ...
Hala ere, emaitzagaz «pozik» dago Txurruka. «Lasterketa bat egiten duzun bakoitzean berau irabazi nahi izaten da, baina oraingoan ezin izan da. Bi etapetan bigarren amaitu dut, eta sailkapen nagusian bigarren amaitzea ez da betere marka txarra».
Aurtengoa itzuli «gogorra» izan dela nabarmendu du: «Bi etapa gogorrak izan dira; egia esan, ondo datorkidan itzulia da, mendate asko daudelako ibilbidean, eta aldapa goretan nahikoa ondo moldatzen naizelako».
Hain zuzen, zapatuko lehenengo etapan oso gutxigatik egin zion ihes etapa garaipenak. Azken malda jaistean Anton galdakaoztarra Txurruka baino azkarragoa izan zen, eta hamalau segundoko aldea atera zion. «Lehen etapa irabazteko gogor aritu nintzen, baina, metro batzuengatik ezin izan nuen Anton harrapatu», azaldu du.
Bigarren etapan, berriz, Jesus Herradagaz batera esprintean sartu zen Txurruka, eta Herradak aurrea hartu zion.
Bilbaoren etapa garaipena
Bestalde, Peio Bilbao gernikarrak Turkiako itzulian parte hartu du, eta etapa garaipen bategaz bueltatu da.
Sentsazio «onekin» aritu dela dio, eta asmoa sailkapeneko gorengo postuetan sartzea bazen ere, «pozik» bueltatu da etxera. «Printzipioz asmoa zen sailkapen orokorrean postu ona lortzea, baina, hirugarren etapan gurpil bat zulatu eta aukera hori galdu nuen».
Halaber, taldeak egindako lana nabarmendu du: «Denok helburuak argi genituen, taldeak izugarrizko erakustaldia egin zuen, lasterketa buruan sartzeko asko lagundu ninduten, eta nire etapa garaipenagaz itzulia borobiltzea lortu genuen».
184 kilometro izan zituen Bilbaok irabazitako seigarren etapak, eta Miguel Angel Lopez kolonbiarragaz lehia estua eduki zuen azkenengo kilometroetan. Esprintean Bilbao nagusitu zen azkenean.