Herritar bat, hezur-muina emateko inprimakia beteta
Bermeoko herritar talde batek hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina abiarazi du, bizitzak salbatu asmoz. Zapatuan, Bermeon, triatloia zegoela eta, informazioa ematen ibili ziren 12:00etatik 19:00etara, eta egunak emandakoarekin “pozik” agertu dira. Jendea “animatuta” ikusi dutela adierazi dute “askok galdetzen baitzuten prozesuagatik”. Gainera, lau lagunek taldeak ematen duen inprimakia bete, eta hezur-muina emateko konpromisoa agertu dutela jakinarazi dute. Inprimaki hori beteta, kanpaina abiarazi duen herritar taldeak bideratu behar du orain hezur-muina emateko beharrezkoak diren izapideak.
Beste behin ere, aipatu kanpaina martxan jarri duen taldeak argi utzi gura izan du hezur-muina emateko «ez dela kirurgiarik behar, ez dela arriskutsua eta zelulak ordezkatu egiten direla lau aste inguruan». Bestalde, gogorarazi dutenez, hezur-muinak ez dira bizkar-muinetik ateratzen: «Odola ateratzea modukoa da, prozesu normala baino zertxobait luzeagoa».
Kanpaina Bermeon hasi badute ere, eskualde osora zabaldu gura dute.
Kanpainaren antolatzaileak zapatuan, Lameran