Argazkilaria: Bermeoko Udala
Urtero legez, Aritzatxu Triatloi taldeak antolatu du Bermeoko Campos Triatloi “Rafa memoriala”. Zapatukoa Euskal Herriko zirkuituaren barruan jokatuko den bigarren proba izango da. Hala, Euskadiko Triatloi Sprint txapelketa lehiatuko dute.
16:00etan hasiko dira emakumezkoak, eta ordu laurden beranduago ekingo diete probari gizonezkoek.
Hasteko partehartzaileek 750 metro egingo dituzte igerian Bermeoko portuko ur lasaietan. Ondoren, bizikleta gainera igo, eta Bermeo eta Bakio artean 24 kilometroko ibilbidea egingo dute. Amaitzeko, udalerriko portu zaharraren eta portu komertzialaren artean 5 kilometro egingo dituzte korrika.
Boxeak eta helmuga portuko Olatua eskulturaren inguruan izango dira. 13:00etatik 15:15etara banatuko dituzte zenbakiak, eta 14:00etan zabalduko dituzte boxeak.
Bestalde, arropazaindegia boxeen inguruan egongo da, izen ematearen karparen ondoan. Aldagelak eta dutxak, ostera, kiroldegian izango dira.
Sari banaketa ekitaldia 18:15ean hastea aurreikusi dute antolatzaileek.