Arkupe eta Lea eskoletako pilotariak
Eskuz binakako txapelketaren egunean, pilotari hasiberriak eta lehen mailako afizionatuak nor baino nor gehiago aritu ziren Ajangizko pilotalekuan.
Hain zuzen, hirugarrenez antolatu duten esku pilota txapelketaren lehenengo kanporaketa lehiatu zuten domeka goizean. Orduko irabazleek maiatzaren 10eko finala jokatuko dute asteburu honetako irabazleen aurka.
Arkupe eta Lea esku pilota eskoletako ikasleek jokatu zuten lehenengo. Benjaminetan Aimar eta Eñautek jokatu zuten elkarren kontra, eta 18-8 nagusitu zen lehena. Ostean, maila bereko binakako partida lehiatu zuten Uribarri-Arrizabala eta Ekain-Inhar bikoteek. 18-11 irabazi zuen lehenengo bikoteak.
Gallastegi-Enbeita eta Ioritz-Aimar kimuen arteko lehia izan zen gero. Lehenengoek aurkariek baino hobeto jokatu, eta 18-13 bukatu zuten. Esku pilotan jokatzen urte gutxi ibili arren, denek ere gogotsu jaurtitzen zuten pelota. Batzuk egun hobea izan zuten beste batzuk baino, baina, pozik zeuden denak. Izan ere, galdu ala irabazi, gura izanez gero oraindik ibilbide luzea dute aurretik.
Trebatzea ezinbestekoa
Arkupe eta Lea eskoletako umeen ostean, lehen mailako afizionatuen txanda izan zen. Ikusleen artean zegoen aurten profesionaletan debutatu duen Aitor Irusta munitibartarra ere.
Elordi bizkaitarrak Erostarbe gipuzkoarrarekin jokatu zuen, Elizalde eta Martinez nafarraren kontra. Nafarrek ez zuten egun ona eduki, eta 22-5 galdu zuten Elordi eta Erostarberen kontra.
Laurak 18 eta 20 urte bitarteko gazteak dira, pilotari esperientziadunak eta txapelketa ugari irabazitakoak. Urte osoan zehar txapelketaz txapelketa ibiltzeko profesionalen pareko entrenamenduak egiten dituzte, pilota eta ikasketak uztartuz.
Hain zuzen, Ajangizko txapelketaren asmoa lehen mailako afizonatuei trebatzeko aukera ematea da: «trebatu daitezen aukerak eman behar zaizkie, gero profesionaletara salto egin ahal izateko».
Izan ere, nork daki horiek etorkizunean binakako final handia jokatzeko aukera izango duten. Ilusioa eta afizioa badituzte, eta horrelako finalekin amesten duten bitartean han eta hemen pilotan jarraituko dute.
Elordi, Erostarbe, Martinez eta Elizalde