Herritarrak Bidebusa hartzen
Gernika-Lumoko Bidebusak zerbitzu zabalagoa emango du aurrerantzean, Ingurumen aroloko zinegotzi Jose Ramon Bilbaok jakitera eman duenez. Hain zuzen, Zerbitzuak eta Ingurumen sailak udazkenean burututako parte hartze prozesuak jasotako iradokizunak kontuan hartuta prestatu ditu orain udalak lizitazio pleguak. Hala, zerbitzua optimizatzea lortu dutela dio Bilbaok.
Zerbitzuak doanekoa izaten jarraituko du, baina berritasunak dakartza aurrerantzean. Esate baterako, zapatu eta abuztuko lanegunetan ere emango du udalak Bidebus zerbitzua, eta autobusak bi aldiz egingo du ibilbide osoa: 11:00etan eta 14:00etan. Gainera, zapatu eta jai bezperetan gaueko zerbitzua eskaintzeko aukera ere aurreikusi du udalak. Egun horietan ere, Bidebusak bi aldiz egingo luke ibilbide osoa, 00:30ean eta 03:00etan.
Irailetik aurrera, gainera, zerbitzuaren eskaintza handitzea aurreikusi du Gernika-Lumoko Udaleko Ingurumen sailak. Bilbaok aipatu duenez, hurrengo ikasturteari begira, errefortzu berezia ipini gura dute lehen orduan, ikasleak institutura garaiz iristeko.