Bermeoko Musika Eskola
Bilduren aldeko botoekin eta Eusko Alderdi Jeltzalearen abstentzioarekin hartu dute erabakia. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak azaldu duenez, erabaki hori hartzeko «alde batetik postuak aztertu dituzte, eta bestetik zein zerbitzu eskaini gura dituzten eta zelan».
Musika Eskolak aurrera egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bat ematen duela gogorarazi du alkateak. Hala, haren metodologia sarri Jaurlaritzak zehazten duela dio: «Kostuen analisi sakonagoa egiten dabiltza, baina azkenean kostuak eta sarrerak zeintzuk diren ikusita %10eko igoera bat proposatzen da, uste delako erabiltzaileek esfortzu txiki bat egin behar dutela». Esaterako, aurrerantzean, Musika Eskolako matrikula 50 euro izan beharrean, 55 euro ordainduko da.
Bidegurenek jakinarazi duenez, 243 ikasle inguru ditu Musika Eskolak eta ikasleko 2.600 euro inguruko kostua du. Era berean, udalak herrian musika zaletasuna zabaltzeko «apustu sendoa» egiten duela azaldu du, eta Musika Eskolak dituen helburu sozialak eta kulturalak ere izan ditu gogoan.
Hausnarketaren beharra
Jeltzaleek, berriz, ez dute begi onez ikusten igoera hori. Horien arabera, %10eko igoera horrekin ez zaio irteera ematen Musika Eskolaren arazo ekonomikoari, eta harek suposatzen duen 500.000 euro inguruko zuloa aipatu dute. 2012tik hasi eta 2015era, Musika Eskolako tasek %35eko igoera izan dutela diote. «Horrek suposatzen duen gastua kontuan izanik, hausnarketa baten beharra dagoela uste dugu. Zelako zerbitzua behar den eta dagoen malgutasuna aztertu beharko litzateke eta 2012.urtetik ari gara horiek guztiak eskatzen», diote jeltzaleek.
Zuloa «leku askotan» dagoela erantzun die Aingeru Astui Kultura zinegotziak: «zerbitzuak ez dira errentagarriak. Herritarrei zuzendutakoak dira eta ez dirua irabazteko».