Iaz On Domingoren jaiotzaren mendeurrenean Ibarrangelun egindako omenaldia
On Domingo Zuluaga garai bateko abadearen bizitzari buruzko lanean 70 bat herritarrek parte hartuko dute. Zapatuan, 19:00etan egingo dute estreinaldia San Andres elizan.
Pastorala prestatzeko On Domingok idatziriko
Ibarrangelu Kantu eta Kontu liburuko pasarteetan oinarritu dira. Hala, herriko abade izan zenaren bizitza laburbilduko dute ordu bete pasatxoan.
Ibarrangelutarrak ilusioz eta gogotsu murgildu dira ekimenean; adin guztietako bizilagunak daude, umeetatik hasi eta nagusietaraino. Gainera, herriko taldeek beren ekarpena egin gura izan dute. Herriko koruak kantatuko du, eta Lorea dantza taldekoek dantzatu.
Ekarpen handia
Zuluaga 1914ko irailaren 18an jaio zen Ibarrangeluko Zubieta Behekoa baserrian. 1940an egin zen abade, eta Iurretan eta Durangon hainbat urtez egon ostean, 1949tik 1989ra Ibarrangeluko eta Akordako elizen ardura izan zuen. Baina, bertakoentzat abadea baino gehiago zen On Domingo. Herritar kuttuna zen, eta hura ezagutu zutenek pertsona zintzo eta langile moduan gogoratzen dute.
Udalerriari ekarpen “handia” egin ziola nabarmentzen dute denek. Euskal zaletasuna, kultura eta herriarekiko maitasuna sustatu zituen herritarren artean. Besteak beste, hark sortu zuen Lorea herriko dantza taldea, eta bera ibili zen dantzan irakasten.