Aurrekoetan bezala, aurten ere, Eskolarteko Antzerki Astean parte hartzeko aukera izango dute Gernika-Lumoko zentroetako ikasleek. Hain zuzen, maiatzaren 4an ekingo diote lanak antzezteari, eta 7ra bitartean, egunero izango da saioren bat edo beste.
Lizeo Antzokian bilduko dira ikasleak horretarako; egunero 15:00etan, eta maiatzaren 6an eta 7an, baita 11:00etan ere.
Allende Salazarreko LH 6. mailakoak izango dira antzezten lehenak, eta maila bereko Seber Altubekoak, berriz, azkenak. Bitartean, Gernika-Lumoko institutukoek, Barrutia ikastetxekoek, San Fidel ikastolakoek eta Mertzede ikastetxekoek ere parte hartuko dute.
Umeak gizarteratzeko bidea jorratzea eta euskararen erabilpena areagotzea eta ahozkotasuna lantzea helburu hartuta, udalerriko sei zentroetako 100 bat antzezle taularatuko dira, beste 1.600 bat ikasleri antzezteko duten abilezia erakusteko.
EGITARAUA:
- Maiatzak 4. 15:00etan, Allende Salazar Ikastetxeko LH 6. mailako ikasleek Gauaren erdian lana antzeztuko dute.
- Maiatzak 5. 15:00etan, Barrutia ikastetxeko LH 5 eta 6. mailako ikasleek Hau lapurreta bat da! lana antzeztuko dute.
- Maiatzak 6. 11:00etan, Gernikako Institutuko DBH 1 eta 2. mailako ikasleek Patch work lana antzeztuko dute. 15:00etan, Mertzede ikastetxeko LH 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleek Gaurko gaiak lana antzeztuko dute.
- Maiatzak 7. 11:00etan, San Fidel Ikastolako LH 6. mailako ikasleek Dena izango da izan behar duen bezala lana antzeztuko dute. 15:00etan, Seber Altube Ikastolako LH 6. mailako ikasleek Txano-gorritxo eta Erregearen kantuak lana antzeztuko dute.