Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta pribatuaren gainetik publikoa hobesteko eskatu du
LAB sindikatuaren ordezkariak
Kapitalismoak asmatutako “sasi-krisiak” langabeziaren hazkundea eta lan istripu eta gaixotasunak izkutatu dituela salatu du LAB sindikatuak. “Sortu duten prekarietateak bizi kalitatea kaltetu du”. Gainera, 2008. urtetik hona, depresioarekin eta antsietatearekin zerikusia duten patologiek gora egin dutela salatu du sindikatu abertzaleak. “Gero eta jende gehiago doa kontsultara zantzu horiekin, estresak jota, edota lana galdu dutelako etxearen hipoteka ordaindu ezinak dakarren segurtasun ezak jota”. Bere buruaz beste egiten dutenen kopuruak ere gora egin duela salatu du LAB sindikatuak.
“Erreforma guztien artean, mutuen legea eta aldi baterako ezgaitasunari buruzko dekretua onartu dituzte, publikoak diren konpetentziak esku pribatuetan uzteko”. LABek dioenez, osasungitza publikoa pribatizatu eta deskapitalizatu gura dute, mutualitateen onerako. “Mutuek eskumen berriak dituzte, autonomoen langabezia edo arriskuko haurdunaldiak, esate baterako”. Gainera, mutuei konpetentzia gehiago emango dizkiete. “Konpetentzia horiek guztiek langileak kontrolatzeko boterea handitzen dute, sistema publikoa deuseztatzeko bidean”.
Hori dela eta, pribatuaren gainetik publikoa hobesteko eskatu du LABek. “Enpresei mutualitateekin kontingentzia arrunten kontrolerako hitzarmenik ez adosteko eskatu nahi diegu; hau da, kontingentzia profesionalak GSIN (Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarekin) hitzartzea eta osasun arreta Osasunbidea eta Osakidetzaren esku uztea”. Hala, Gizarte Segurantzaren kotizazioen zati bat osasun zerbitzu publikora bideratzea lortu gura du sindikatuak, “eta, bide batez, baliabide ekonomiko eta tekniko gehiagorekin hornituko dugu”.