Elexalde auzoan, udaletxe aurreko enparantzan, aparkalekuan eta parkean egingo dute azoka.
11:30etatik aurrera erakusmahaiak Ibarrangeluko eta inguruko ekoizleen produktuekin beteko dira. Ortuariak, eztia, gazta, etxeko ogia, antxoak, hegaluzeak… askotarikoa izango da eskaintza.
Bestalde, argazki erakusketa ipiniko dute, eta Basondoko animalien eta uso mezularien erakustaldiak egingo dituzte. Gainera, gura dutenentzat zaldi gainean osteratxoa egiteko aukera ere egongo da.
12:30etatik aurrera, udalerriko trikitilariek alaituko dute azoka ingurua. Halaber, goizean hasi eta eguerdira bitartean, taloak, indabak eta tripakiak egingo dituzte talotxosnan.
Arratsaldean mus eta briska txapelketak jokatuko dituzte, 16:30etatik aurrera. Gero, 18:00etan Atzekabe taldeak kontzertua eskainiko du. Ostean, Maitzama erromeriaren doinuekin dantzan eta kantuan borobilduko dute eguna.