Idurre Bideguren eta Gaizka Gabantxo gaurko prentsaurrekoan
Ikuspuntu ekonomikoa eta finantzaria kontuan izanik, 2014. urteko ekitaldia «positiboa» izan dela nabarmendu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. 2014rako udalaren aurrekontua 16,2 milioi eurokoa izatea aurreikusi zuten, hala ere, udalak 19 milioiko sarrerak izan zituela adierazi du alkateak, eta horietatik, 17,2 milioi gastatu zituztela jakinarazi du. Udalaren zein erakunde autonomoen aurrekontuaren eta diruzaintzako gerakinaren emaitza, beraz, «positiboa» izan dela esan du Bidegurenek. «Zuhurtziaz» jokatu izanaren emaitzak direla adierazi du.
Era berean, udalaren egoera ekonomikoa «asko hobetu» dela diote: «2011an itxitako ekitaldian, 389.900 euroko zorra zegoen hornitzaileekin; 2014a, berriz, 7.055 euroko zorrarekin zarratu da. Horrez gain, 2011n, 5,3 milio euro zeuden ordaintzeko, aurtengo martxoaren 31ko datuak erreparatuz, 72.000 euro geratzen dira ordaintzeko». Azken urteetan, gainera, ordainketa epeak ere «asko hobetu» direla aipatu dute, «%50era jaitsita egun kopurua». Hortaz, alkatearen arabera, «aurreko urteetako zor gehienak ordaintzea ahalbideratu dute, diruzaintzako egoera hobetu da, eta ondorioz, ordainketa epeak asko hobetzea eta erakunde autonomoen ekarpenak hilero egitea lortu da».
Inbertsioetarako gehiago
Udaleko langileekaz zerbitzuak ematen saiatu direla azaldu du alkateak, hortaz, subkontratazio erlatiboak ere gutxitu direla dio. Bestalde, inbertsioetarako erabiltzen den aurrezki garbiak gora egin du nabarmen: 2010 eko -13,70etik, 2014ko %8ra, hain zuzen. Datu hori, baina, «gehiago igotzen» saiatu behar direla diote. 2015eko aurrekontuan 400.000 euro aurreikusten dituzte inbertsioetarako.
Biztanleko dagoen finantza karga ere jaitsi egin da, «72,72 eurokoa zen 2011n, eta 2014an 50,82 eurokoa».
Datu ekonomiko horiek «ahalegin handiak» eginda lortu dituztela esan du Bidegurenek, «aurreikuspenetan, gastuaren kontrolean eta kobrantzan zorrostasuna izan da nagusi». 2011. urtean hainbat zor (Lamera, Busturialdeko Ur Partzuergoa, Almikako lanak, Visesa, Alde Zaharreko diru laguntzak, San Martineko etxebizitzen auzia) aurkitu zituztela eta, legealdi «zaila» izan dela aipatu du, «gauza asko egiteko oztopoa izan dela» adierazita. Hala ere, horien kudeaketaren ondorioz, hornitzaileek, banketxeek eta erakunde publikoek udalarengan duten konfidantza maila «handitzea» lortu dutela esan du.
Hurrengo legealdira begira, diru sarrerak askorik ez direla handitu azaldu, eta orandik ere, 9,5 milio euroko mailegua ordaintzeko dagoela gogorarazi du. Baina, aurreko urteetako zorren «zama handia» kenduta, «baikortasunez» begiratzen diotela adierazi du alkateak.
EAJren arabera Bilduk «proiektu falta» estali gura du
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) arabera, udal gobernuak modu «triunfalista» batean eman du iazko aurrekontuen eta udalaren egungo egoera ekonomikoaren berri: «orain lau urte kaos ekonomiko egoera dekretatu zuen. Herritarrak alarman jartzea izan zen orduko helburua».
«Herriko giroa garraztuz eta politikagintzaren izen ona galarazita, interes publikoa alde batera utzita, interes pribatuen aldeko jokabideak aurrera eroan dituzte», diote jeltzaleek. Egoera «zaila» oinarri hartuta, «helburu bakarra izan dute proiektu falta estaltzea eta kudeaketarako gaitasun eza disimulatzea. Zenbait egitasmo eta proposamen bertan behera geratu dira zorrak eta diru falta aitzakia jarrita».
«2011an aurkitutako kaosa amaitu da? iluntasuna argitu da? Non geratu da herria eta herritarrenganako kudeaketa eta politikagintzaren baloreak?», galdetzen dute EAJkoek.