78 bete dira gaur Gernika bonbardatu zutela, eta, urteurren horretan, gogoan izan dituzte, baita, gatazka bizi duten beste hainbat herrialde ere. Gernika sarien bitartez, horietako batzuk aipatu dituzte gaur, Lizeo Antzokian egin duten ekitaldian. 2015eko Gernika saridunek egin dute posible hori. Bakearen eta berradiskidetzearen alde egindako lanaren aitortza jaso dute gaur Carlos Martin Beristain doktore eta psikologoak, eta baita Saharako Fronte Polisarioko idazkari orokor eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente den Mohamed Abdelazizek. Batak zein besteak ezin izan dute gaur Gernika-Lumon izan. Martinen ordez, haren emazte Kontxi Onaindiak hartu du saria, eta Carlos Martin Beristainen berbak irakurri ditu. Kolonbian da orain Martin Beristain, han bizi duten gatazkaren biktimekin lanean.
Abdelazizek ere ezinezkoa izan du Gernika-Lumon izan. Hala ere, haren ordez, Saharako ordezkaritza zabala izan da Gernikan, eta Saharako parlamentuko presidente Jatri Aduh-k hartu du saria. Abdelazizen berbak irakurri ditu Aduh-k, eta, besteak beste, saharauiak ere bonbardatuak izan direla aipatu du. Gogoan izan du hain zuzen, Marokok Amgala bonbardatu zuenekoa. Era berean, Martin Beristainen lana ere eskertu dute sahararrek. Paco Etxeberria antrolopogoari laguntza eman zion Martin Beristainek 2014. urtean, Saharan hobi komunak aurkitu zituztenean. 1975ean Marokok sahararren kontra burututako genizidioaren biktimen gorpuzkiak aurkitu zituzten han.
Hala, 2015eko Gernika saridunak lotuta daudela esan du Saharako parlamentuko presidenteak, Gernika-Lumo, Euskal Herria, eta Sahara lotuta dauden bezala.
Ekitaldiz beteriko eguna
George Steer kazetari britaniarrari omenaldia eginez hasi dute bonbardaketaren urteurrenaren eguna. Steerren seme eta ilobak ere parte hartu dute ekitaldian, eta, beste behin ere, haien aita eta aitita izan zena gogoan izatea eskertu dute.
George Steer-i omenaldia
Egunak, baina, segida izan du arratsaldean. Kultura Batzordeak deituta, 4 minutu ekimenean parte hartu dute gernikarrek orain 78 urte bonbak erortzen hasi ziren ordu berean, 15:45ean. 4 minutuko geldiunea eta isilunea egin dute, 1937ko apirilaren 26 hartan gertatutakoaz hausnartzeko. Foruria familiak piztu du gaur eraosaren arriskuaren berri eman zuen sirena berbera. 1937ko apirilaren 26an Astrako langile zen Antonio Foruriak lantegiko sirena martxan jarri zuen, bonbardaketa arriskuaren berri emateko. 78 urte geroago, bere seme Jose Luisek hartu du sirena aktibatzeko lana.
Ostean, hildakoen omenez, hileta elizkizuna egin dute Zallo hilerrian, 16:30ean. Bertan, urtero legez, lore eskaintza egin dute. Bertan izan dira, besteak beste, Gernika-Lumoko Udaleko ordezkari politikoak, Jaurlaritzako, Aldundiko eta Batzar Nagusietakoak, Alemaniako gobernukoak, Pforzheim, Berga edota Boise hirietakoak, Saharako parlamentukoak, Gernika Gogoratuzekoak, Gernikazarra Historia Taldekoak, Bakearen Museokoak, Gernikako ospitale militarrean hildakoen senideak, bonbardaketan hildakoen senideak, bonbardaketa bizi izan zutenak eta hainbat herritar.
20:00etan hasiko da Gernika Garretan herri antzezlana. Doro Zobaranen gidaritzapean, 180 herritarrek baino gehiago parte hatuko dute herriko kaleetan zehar antzeztuko duten obran. Bonbardaketaren unea, eta osteko Gernika ere erakutsiko dute.
bonbardaketan hildakoen senideak, lore eskaintzan
Iluntzean, kandelen argiek piztuko dituzte herriko kaleak, Gernika Batzordeak deitutako kandelen manifestazioan. 21:30ean hasiko da, Foru plazatik.
Bakearen doinuak
Atzo iluntzean ere bonbaardaaketaren urteurrenaren atarian urtero egiten duten kontzertuarekin gozatu ahal izan zuten gernikarrek: Bakearen doinuak. Segundo Olaeta Musika eskolak, Elai-Alai Dantzari taldeak, Roos dantza eskolak, Andra Mari abesbatzak eta inguruko herrietatik heldutako beste hainbat abesbatzek eman zioten tonua eta mugimendua zapatu iluntzeari. Ume zein nagusi, 500 lagun baaino gehiagok parte hartu zuten Jai Alai frontoia bete egin zuen ikuskizunean.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.