Irakurzaletasuna pizteko ekimen berria hasiko dute umeentzat, Bermeon
Orain arte moduan, haurren artean irakurzaletasuna piztu nahi du Bermeoko Udal Liburutegiak, eta hori lortzeko, hainbat ekimen burutu izan ditu. Oraingoan ere, helburu horren aldeko apustua egin du, ekimen berri bat antolatuta.
Hain zuzen, 0 eta 2 urteko umeei zuzenduta egongo da maiatzean gauzatuko duten ekimen berri hori, Azalerako ipuinak izenekoa. Giro «lasaia eta xamurra» sortuko da horren baitan, eta, bitartean, ipuinek, kantuek, masajeek eta jolasek hartuko dute nagusitasuna. Hartara, haurrekin komunikazio bide berriak zabaltzeko aukera izango dutela uste dute Udal Liburutegikoek.
Hain justu, hiru saio egingo dituzte, eta maiatzaren 7an izango da lehena. Gainontzekoak maiatzaren 14an eta 21ean egingo dituzte; guztiak 11:30ean hasita.
Egun horietan guztietan, «liburuek eskaintzen duten baliabideak erabiliz, entzumena, kontaktua, ikusmena eta dastamena landuko dituzte parte hartzaileek».
Gehienez, hamabi familik parte hartu ahal izango dute, eta izena emateko Bermeoko Udal Liburutegira jo beharko dute. Leku berean, gainera, ekimenaren informazio gehiago eskuratu ahal izango dute.