«GoraGO Tour alaitasun kontziente eta aktiboa bultzatzeko bira da»
Esne Beltzak GoraGO Tour birari hasiera emango dio gaur, 23:00etan, Ondarroako Beikozinan; DZren esanetan, taldeko kideak «gogo betez» daude gaur gaueko kontzerturako.Gaur birari hasiera emango diozue. Lehenengo kontzertua zelakoa izatea aurreikusten...
Esne Beltzak GoraGO Tour birari hasiera emango dio gaur, 23:00etan, Ondarroako Beikozinan; DZren esanetan, taldeko kideak «gogo betez» daude gaur gaueko kontzerturako.
Gaur birari hasiera emango diozue. Lehenengo kontzertua zelakoa izatea aurreikusten duzue?Guretzat kontzertu berezia izaten da beti. Hilabeteak zuzenean jo barik egon ondoren, gogo handiz hartu ohi dugu; errepertorio berria, aldaketa dexente abestietan, sentsazio berri asko izaten ditugu taula gainean. Ikusleentzat, aldiz, guztiz gomendagarria da.
Zergatik aukeratu duzue Ondarroa birari hasiera emateko?
Esne Beltzak erlazio berezia izan du betidanik Ondarroagaz; taldekide bat bertakoa da. Zapato Azuleko abestia ere egin genuen, eta Beikozini ireki denetik ez dugu bertan jo. Alberto eta Txomin lagun handiak ditugu, eta gogo betez gaude bertan aritzeko.
Positibotasuna eta animoak oinarritzat hartu dituzue birarako. Gaur egun bi balio horiek ezinbestekoak direla deritzozue?
Bai, betidanik saiatu izan gara jarrera positibo bategaz aurrera egiten, nahiz eta garai zailak bizi izan. Guk ondo pasatzeko egiten dugu musika, eta hori nabari da gure kontzertuetan, baina ondo pasatzeak ez du esan nahi aldarrikapen sozial nahiz politikoek kabidarik ez dutenik. Alderantziz, alaitasun kontziente batean sinisten dugu, kontzientea eta aktiboa. Hori da GoraGo tour.
Aurretik egindako birekin alderatuta, bira berri honek zeitzuk berezitasun dauzka?
Ba, berezitasun handiena, bi taldekide berri ditugula da, Pini eta Aitor Valcarlos. Horretaz gain, errepertorio berria ere badugu, indartsua eta bizia!
Zelan moldatu zarete Suia eta Sistiaga ordezkatzeko? Pinik eta Valcarlosek zein ekarpen egingo diote taldeari?
Aldaketak ez dira errazak izaten, baina aurre egin behar zaie. Bi taldekide berri edukitzeak ere indarra eta ilusioa berritu egiten dizu. Pini guretzat aurkikuntza bat izan da. Ahots indartsua eta aldi berean gozoa du, izugarria. Beste alde batetik, Aitor Valcarlos lehenengo egunetik haize sekzioan oso ondo moldatu da GoraGOn!
Balorazio orokor bat egiteko, urteetan taldeak nolako bilakaera eduki du?
Balorazio ederra egiten dugu. Errepidean hamaika pertsonatik gora gara, eta esperientzia ezberdinak bizi izan ditugu, onak asko eta txarren bat ere bai. Baina bidea biziki polita izaten ari da.
Zuen kontzertuetan publikoa kantu gosez ikusten da. Giro ona izaten da nagusi, eta han eta hemen, jendetza biltzen duzue. Zein da formula?
Ez dakigu. Guk geu ondo pasatzen saiatzen gara, egiten dugunagaz gozatzen, eta, batez ere, esker onekoak izaten.