Gaztelugatxeko San Juan
Beste behin ere, Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko San Juanerako sarbidea itxi beharra eduki du. Oraingoan, bidean lur-jausi bat izan da, eta Aldunditik jakinarazi dutenez, hilabete inguruan itxita egongo da, “bisitarien segurtasuna bermatu aldera”.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak “ahalik eta arinen” hasi gura ditu lanok eta datorren astean hasiko dira, hortaz, sarbidea berreskuratzeko lanak egiten. Hain zuzen ere, penintsula eta lehorra batzen dituen lekuan egingo dituzte lanok, “iaz sendotu zen lekua baino metro batzuk gorago”. Lurra egonkortuko dutela azaldu dute eta sarbidea orain arte egon den modura utziko dute.