Bihar, Urdaibai Kopako hirugarren proba lehiatuko dute Arratzun
Hainbat eta hainbat korrikalari prest dira bihar Campos Urdaibai Kopako hirugarren proba puntuagarria lehiatzeko; bigarren urtez, gainera, era berezi batean jokatuko dute Arratzuko proba, egunez barik, gauez parte hartuko dute korrikalariek.
Lasterka ez ezik, proba oinez ere egingo duenik bada; izan ere, martxa zein lasterketa hartuko ditu, beste urte batez, Arratzuko Gau Trailak. Hala, batean zein bestean parte hartzen duenak 18 kilometroko ibilbidea izango du aurretik, behin irteera puntutik aterata.
Ibilbidea burutzeko, Arratzuko plazan jarri dute hitzordua; martxako parte hartzaileak 20:30ean bilduko dira, eta lasterketakoak, berriz, 21:30ean.
Kontuan hartuta gauez egin beharko dutela, zailtasun «handia» duen proba izango da zapatukoa antolatzaileen arabera. Hala ere, ibilbidean laguntzeko kontrol puntu bi eta anoa puntu bi egongo direla gogorarazi dute.
Kopeta argia beharrezkoa
Lasterketarako 200 lagunek eman dezakete izena, eta, momentuz, 80 bat lagunek egin dute inskripzioa. Martxarako, berriz, 140 parte hartzailetik gora egongo dira. Batean zein bestean parte hartzen duten guztiek kopeta argia eraman beharko dute.
Horien artean federatuak direnek 13 euro ordaindu beharko dituzte martxan zein lasterketan parte hartzeko, eta federatuta ez daudenek, aldiz, 15 euro.